Bozkatu dituzte bailarako proposamenak

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 8a, 17:08

Urolako trenbide zaharreko bidegorria egokitzeak eta Zestoatik Zumaiara bidegorria egiteak jaso zuen boto gehien. Horrez gain, ingurumenari, mugikortasunari eta jarduera ekonomikoari lotutako proposamenak izan ziren bozkatuenak.

Urola Erdiko biztanleek erabaki dute Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euro zertan inbertitu. Hurrengo urteko aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozesua hasi zuen duela hilabete Aldundiak, eta Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako herritarren proposamen guztiak jasota herenegun, asteazkena, horiek bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek Azkoitiko Elkargunean.

Urolako trenbide zaharreko bidegorria egokitzeak eta Zestoatik Zumaiara bidegorria egiteak jaso zuen boto gehien. Horrez gain, ingurumenari, mugikortasunari eta jarduera ekonomikoari lotutako proposamenak izan ziren bozkatuenak. Orain, aukeratutako proposamenak aztertu egingo dituzte Aldundiko teknikariek, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren jakiteko. Behin hori eginda, azken saioa Azpeitian egingo dute, hilaren 28an, eta teknikarien ebazpenekin eta herritarren ekarpenekin erabakiko dute Aldundiak hurrengo urtean zein proiektu gauzatuko dituen. "Litekeena da proiektu batek aurrekontu izugarria eskatzea. Herritarrek baloratuko dute zein motatako proiektuak nahi dituzten".

84 ekarpen aukeran

Dozenaka lagun elkartu ziren herenegun iluntzean Azkoitiko Elkargunean, herritarrek egindako proposamenak lehenesteko. Guztira 124 iradokizun egin dituzte Urolako herritarrek, baina azkenean 84 ekarpenen artean bozkatu zuten bertaratu zirenek. Izan ere, batzuk ez dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak, eta baztertu egin dituzte. Dena den, nabarmendu zuten proposamen horiek dagozkien erakundeetara bideratuko dituztela. "Beste hainbat ekarpen, berriz, udalen eskumenekoak dira, baina horiek ez ditugu baztertu, Aldundiak horiek gauzateko diru-laguntzak eman baititzake".

Aldundiko eta Elhuyarreko ordezkarien azalpenen ondotik ekin zioten han bildutakoek bozkatzeari. Aldundiaren asmoa zen boto gehien lortutako hogei proiektu jasotzea, hamar eskualdeko ikuspegia zutenak, eta besteak herrietakoak. Horrez gain, herri bakoitzari gutxienez proiektu bat "bermatzea" zen hasierako asmoa, baina bertaratu ziren gehienek eskualdeko proiektuak lehenetsi zituzten, eta herri ikuspegiko proiektuak Azkoitikoak, Beizamakoak eta Errezilkoak izan ziren.

Askotariko iritziak

Elkartutakoek prozesua eta proposamenak zer iruditu zaizkien esateko beta izan zuten, eta askotariko iritziak eman zituzten. Herritar batzuk adierazi zuten proposamenak bozkatzeko beste bide batzuk ere ireki beharko lituzkela Aldundiak, bilerara joan ezin zutenek Internetez eta postaz parte hartzeko aukera izateko. Proposamenak aurrez helarazteko eta horiek gehiago zehazteko beharra ere aipatu zuten.

Boto gehien jasotako proiektuak

Eskualdekoak

  • 98 boto. Urolako trenbide zaharreko bidegorria egokitu, bi zatitan, Zestoa-Lasao eta Zestoa-Zumaia. Beste bidegorri zati batzuk egokitu. Egina dagoen zatia mantendu eta garbitu.
  • 52 boto. Elikadura subirautza bultzatzeko plana egin, baserriguneak eta landa eremuak babesteko eta berreskuratzeko.
  • 39 boto. Basoen aprobetxamendu integraleko antolaketa plana egin, baserri-bide, mendi-bide, bidegorri, erreka eta ibaien garbiketa eta mantenu lanak jasoko dituena. Bertako espezieak landatzea sustatu, eta laguntzak eman landaketetarako eta zaintzarako.
  • 34 boto. Mendietan bidezidorrak txukundu, eta mendi-ibilbide erakargarria egin.
  • 33 boto. Enplegua sortzeko kooperatibak eratu.
  • 26 boto. Energia burujabetza lortzeko plangintza egin, tokiko energiari lehentasuna emanez.
  • 22 boto. Haur eta gazteentzako tailerrak eta ekitaldiak, berdintasuna sustatzeko. Jokabide ez lehiakorrak erakutsi, elkar-laguntza bultzatzeko.
  • 19 boto. Bailarako dibertsifikazioa bultzatu, sektore berritzaileko enpresak sorraraziz. Honako informazioa izateko erabili daiteke finantzazio hau: bailarako enpresen konpententzia esentzialak identifikatu, ahalmen teknologikoa eta ez teknologikoa hausnartu...
  • 16 boto. Mugikortasun arazoak dituztenentzat azpiegiturako sarbideak hobetu.
  • 14 boto. Herri bakoitzeko oroimen historikoa berreskuratzeko proiektuak martxan jarri.


Herrietakoak

  • Errezil. Baserri bideak konpondu eta katalogatu. Herri eskolako irisgarritasuna hobetu; duela 19 urte eraiki arren, irisgarritasun gabezia handiak ditu.
  • Azkoitia. Eguneko zentroa erdigunera jaitsi. Eraikin bat horretarako egokitu.
  • Beizama. Kultura jarduerak sustatu. Kultura zirkuituak eta sortzaile berriak bultzatu.
  • Zestoa. Herriguneko irisgarritasun arazoa konpondu, Idazpi auzoan batez ere. Aipatu dute Ekainberriko egokitzapen lanak direla-eta arrapala eraiki zutela, baina finantziazio arazoengatik mekanikarik gabe dagoela.