Konpostatzea sustatzeko hitzarmena sinatu du Urola Erdiko Mankomunitateak Aldundiarekin

Uztarria.eus 2013ko aza. 7a, 19:36
Mankomunitateko lehendakariak (Leire Etxaniz eskubiko aurrena da) eta Errazkin diputatua, gaur Donostian.

Diputazioak lurraldeko zortzi mankomunitateen artean 200.000 euro banatuko ditu helburu horrekin. Hitzarmenak enplegu berdearen sorrerarekin ere lotu nahi izan dituzte.

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Gipuzkoako zortzi mankomunitateetako lehendakariek konpostatzea sustatzeko diru-laguntzen hitzarmenak sinatu dituzte gaur, osteguna, Donostian. Horrenbestez, mankomunitate bakoitzak 25.000 euro jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldunditik, tartean Urola Erdiko Mankomunitateak. Leire Etxaniz, mankomunitatearen lehendakari den Azpeitiko Udaleko zinegotzia, izan da Urola Erdikoaren izenean hitzarmena sinatu duena.

Auto eta auzo-konposta sustatzearekin batera, sinatutako hitzarmenak enplegu berdearen sorrerarekin ere lotu nahi izan dituzte. Hitzarmenaren arabera, hondakinen kudeaketa eta tratamendua "interes handiko arloa" da Gipuzkoan eta, beraz, aukera bihurtu behar dira eremu horretako erronkak, "zuzenean nahiz zeharka enplegua sortzeko". Hain zuzen ere, mankomunitateen etxeko eta auzo-konpostatze plangintza, kontrol eta jarraipen jarduerak sustatzeko onartu zuen Diputazioak orain emango dituen diru-laguntzak.