Eta Txapasek irratia esan zuen

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 7a, 17:37

Iñaki Elorza erreferentzia bihurtu da irratigintzan, 30 urtetik gora darama esatari lanetan, ia beti kirolaz berri ematen. Ikasketaz aparejadorea, eta Mexikora zihoan lanera, irratiko aukera sortu zitzaionean. Urola Kostako Hitza-k erreportaje zabala eskaini dio azpeitiarrari, Arkupean gehigarrian.

Pilotakada bakoitza gozatu egin behar du pilotariak, azkena bailitzan bezala. Momentuan momentukoa. Horretaz badaki zerbait Iñaki Elorzak (Azpeitia, 1952), zientoka partida ikusia delako eta ikusten baititu pilotalekuetan. Euskadi Irratian berea da pilotaren ahotsa azken urteetan. Sanferminen kontakizunean ere bera ibiltzen da, baita Bilboko jaien hasieran ere. Eta aurretik, futbolean, txirrindularitzan, arraunean... kirol emanaldiak egiten egin zen ezagun. "Bizitzak azkenean jarri behar zaituen lekuan jartzen zaitu, eta momentukoa bizi behar da"; pilotariak pilota gozatu behar duen bezala, azken finean.

Ez zuen asko usteko 1980ko maiatzaren 31 hartan bizitzak zer zeukan beretzat gordeta. Burutik pasatu ere ez zitzaion egingo. Egun hura izan zen gero etorri zaion guztiaren hasiera. "Ome- naldia egin zioten egun horretan Joxe Anjel Iribarri San Mamesen. Jendetza bildu zen, eta bildutako dirua euskara indartzeko erabili behar zela erabaki zuen Iribarrek berak". Horrelaxe sortu zen euskarazko kiroletako hiztegia lantzen hasteko aukera. "Uzeira jo zuen Iribarrek, euskaraz trebatua zen jendea zelako. Baina kirola ezagutzen zuen jendea behar zuten, eta niri deitu zidaten. Haiekin hasi nintzen lanean, testu zaharrak arakatzen euskarazko kirol lexikoa osatzeko. Basarriren testuak-eta asko begiratu genituen".

Horretan ari zen Jaxinto Setien ere, eta hau esan zion egun batean: "Realaren partidak kontatzen eta grabatzen hasi behar duk. Eta horrela, Atotxara joan, eta bertan grabatzen hasi nintzen. Neure buruarentzat hasi nintzen". Baina gero, zabaldu egin ziren, eta "endeari gustatu nonbait". Hura izan zen lehen mugarria Elorzarentzat. Bigarrena geroxeago etorri zitzaion: "Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren bidez, Herri Irratiak laguntza jaso zuen euskarazko emanaldiak egiten hasteko. Egunean sei ordu emititu behar zituen euskaraz: albisteak, saioak, kirola... Joxe Mari Oterminek, gerora Euskadi Irratiko zuzendari izango zenak, jakin zuen bazela gazte bat Atotxan Realaren partidak euskaraz kontatu eta grabatzen zituena. Eta galdetu zidan gordetzen nituen grabazioak. Eman nizkion, entzun zituen, gustatu, eta hark segituan: Nahi al duk irratian lan egin?

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, joan Hitza-ren Arkupean gehigarrira.