Berdura plazako goiko solairua Lapatx Zabortegiari utziko dio Udalak, zaharberritze lanen truke

Uztarria.eus 2013ko aza. 6a, 19:25

Zabortegia kudeatzen duen elkartearen egoitza berri baten beharra eta azokako eraikinean hobekuntzak egitea uztartu nahi dituzte era horretan. Hamar urterako uztea onartu dute. Eraikinaren orain arteko erabileran zer eragin izango duen aztertzen ari da Udala.

Udalak Urola Erdiko Lapatx Zabortegia SArekin egin duen hitzarmena aho batez onartu zuten atzo, asteartea, Udalbatzarrean Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek. Hitzarmen horren bidez, Udalak Berdura plazaren goiko solairua utziko dio zabortegia kudeatzen duen elkarteari, horrek egoitza berria han egokitu dezan.

Hamar urterako utziko dio Udalak Lapatxi Berdura plazako gunea eta, horren truke, zabortegia kudeatzen duen sozietateak eraikina zaharberritzeko eta egokitzeko lanak egingo ditu, hitzarmenean jaso dutenez. "Alokairua ordaindu beharrean, obrak ordaintzea" adostu dute, Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuenez, "eraikinak zaharberritzea behar" duelako. Udalak Urola Erdiko Lapatx Zabortegiaren egoitza berri baten beharra eta azokako eraikinean hobekuntzak egitea uztartu nahi dituzte era horretan. Hori nola gauzatuko den ez dute azaldu, baina eraikinaren orain arteko erabileran zer eragin izango duen aztertzen ari da Udala.

Uraren kontsumo tarteak, erroldaren arabera

Azaroko ohiko plenoan onartu zuten beste puntu bat etxebizitzetako ur kontsumoaren tarifei dagokiena da. Hain zuzen ere, Ur Kontsortzioak egindako proposamena onartu du Udalak eta, horren arabera, etxebizitzen tarifetako kontsumo tarteak erroldaren arabera ezarriko dituzte aurrerantzean, etxebizitza bakoitzean erroldatutako bizilagun kopurua kontuan hartuta. "Kontsumo tarifa indibidualizatuetara joaten saiatuko" direla esan zuen alkateak.

Udalbiltzari eta Bertani diru-laguntzak

Udalbiltza, Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrari eta Bertan Merkatarien Elkarteari diru-laguntzak ematea ere onartu zuen atzo Udalak.

Udalbiltzaren kasuan, Bilduren botoekin onartu zuten laguntza, eta EAJk eta Hamaikabatek kontra bozkatu zuten. "Udalbiltzaren helburuak ez zait iruditzen alderdikoiak direnik. Euskal Herriak aurrera egiteko pausoak planteatzen ditu", argudiatu zuen Eneko Etxeberriak, "historikoki Azpeitiko Udalak horrelako erakundeak lagundu" izan dituela gaineratuz. EAJko Aitor Gorrotxategik, aldiz, Udalbiltzaren "helburuak hain argi ez" dituztela ikusten esan zuen: "Herrian zertan inbertitu badagoela iruditzen zait. Horrelako laguntzak, izatekotan, zerbait soberan geldituz gero". Hamaikabateko Aitor Arangurenek, bere aldetik, lehendik ere Euskal Herrian "nahikoa arkitektura instituzional" badela eta "horrelako erakunde baten beharrik ez" duela ikusten adierazi zuen.

Bertanentzako diru-laguntzari dagokionez, orain arte dekretu bidez onartzen zena aurten hitzarmen bidez onartu izana aipatu zuen berrikuntza nagusi gisa Iñaki Portilla zinegotziak. Hitzarmen horretan Denon Artean aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan jasotako hainbat iradokizun ere kontuan hartu dituztela gaineratu zuen Merkataritza arloko batzordeburuak, hala nola lehiakortasuna sustatzea eta Alde Zaharra biziberritzea. Merkatarien elkarteari eman beharreko diru-laguntza aho batez onartu bazuten ere, galdera-erreguen tartean horrekin lotuta proposamena bota zuen Aitor Gorrotxategi jeltzaleak: Bertanen finantziazioa "ehuneko ehun publikoa bada", elkartearen kudeaketa Udaletik egitea.