Azaroaren 9ko manifestazioan parte hartzera deitu du ELAk

Uztarria.eus 2013ko aza. 5a, 18:36

"Mobilizatuz beste politika batzuk posible direla pentsatzen" duelako egin du bat sindikatuak zapatuan 18:30ean hasita herrian egingo den mobilizazioarekin.

ELA sindikatuak ere bat egin du azaroaren 9an Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat leloarekin egingo den manifestaziorako deialdiarekin. Elkar-ekinek zapaturako bultzatutako mobilizazioa 18:30ean hasiko da, plazan.

Manifestazioan parte hartzeko arrazoiak honela argudiatu ditu ELAk:

"Enplegu suntsiketa eta babes sozialaren gainbehera nagusitzen ari den egoera honetan, mobilizazioa da inposatutako politika hauei aurre egiteko modu bakarra.

Badaude alternatibak gauzak beste modu batera egiteko, baina irabazi egin beharko ditugu. Interes kontrajarriak daude eta inork ez digu ezer erregalatuko.

Jarri ditzagun pertsona eta dagozkion eskubideak politikaren zentralitatean. Eragin dezagun zentzu horretan aldaketak bideratzeko.

Mobilizatuz beste politika batzuk posible direla pentsatzen dugulako, ematen diogu gure atxikimendua datorren larunbatean Azpeitian konbokatuta dagoen manifestazioari".