Bi estreinaldirekin datoz XXXI. Antzerki Topaketak

Uztarria.eus 2013ko urr. 24a, 15:33
Topaketen aurkezpenean parte hartu duten kideak Zelai Luzen.

Urriaren 31 eta azaroaren 17a bitartean dozenatik gora antzezlan ikusi ahal izango dira Soreasu antzokian zein Azpeitiko Gaztetxean. Bi estreinaldi ere izango dira: Hamlet eta Traganarru. Horrez gain, urteroko legez, antzerki amateurrari lotutako asteburua, eta aurten lehenengoz, Antzerki Eskolen Eguna ere antolatu dituzte. Topaketetako eskuorria ikusteko egin klik hemen.

Urriaren 31n hasi eta azaroaren 17an bukatuko dira XXXI. Euskal Antzerki Topaketak. Hiru asteburu horietan haur, gazte zein helduentzako antzezlanak izango dira Soreasu antzokian. Obra amateurrak eta alternatiboak ere izango dira. Gaur, osteguna, aurkeztu dituzte aurtengo topaketak, eta agerraldian izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Imanol Amenabar Kultura zinegotzia, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko (EHAZE) kide Itziar Elias, Urki Muguruza aktore eta zuzendaria nahiz Iñigo Aizpitarte aktorea, eta Iñaki Martinez aurtengo topaketak iragartzen dituen kartelaren egilea.

Etxeberria alkateak adierazi duenez, antzerkiari "ahal den bultzada handiena" ematen saiatu direla azaldu du: "Mota guztietako antzezlanak izango dira ikusgai, eta saiatu gara merkatuan dauden euskarazko antzezlan onenak ekartzen". Imanol Amenabar Kultura zinegotziak ildo beretik hitz egin du, eta egitarauaren aurkezpena ere berak egin du. Eskola antzerkiari lotuta, aipatu du Eusko Jaurlaritzak 27 urteren ostean, aurten, "diru laguntzarik ez" duela eman eskola antzerki emanaldiak antolatzeko, eta gastu hori Udaleko Kultura Sailak hartuko duela bere gain. Sarrerak antzezlanaren egunean bertan eskuratu ahal izango dira Soreasu antzokiko lehiatilan, emanaldia hasi baino ordubete lehenago, eta antzezlan bakoitzerako sarrerak, azken urteetako gisan, bost euro balioko du. 

Bi estreinaldi

Dozenatik gora antzerki ikusteko aukera izango da datozen asteburuetan, eta bi estreinaldi ere izango dira Soreasu antzokian. Hala nola, helduei zuzendutako Hamlet obra taularatuko dute La Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu Panpin laborategiak. Azaroaren 2an izango da, eta besteak beste, Ander Lipus, Miren Tirapu, Ainara Gurrutxaga, Maika Etxekopar, Urko Redondo , Iñaki Ziarrusta eta Manex Fuchs aktoreek hartuko dute parte Ximun Fuchs zuzendariaren gidaritzapean osatutako eta Shakespearen lanean oinarritutako antzezlanean. 

Bigarren estreinaldia Traganarru izango da. Antzezlan hori ere Soreasun egingo dute aurreneko aldiz, eta Bada Teatroa taldeak egingo du azaroaren 9an, zapatua. Urki Muguruzaren gidaritzapean egindako obrari Iñigo Azpitartek, Iker Etxarrik, Jon Ander Alonso, Inazio Tolosak, Iñaki Santos eta Gurutze Eizmendi zein Erika Olaizola ama-alaba azpeitiarrek emango diote bizia. Orbaren zuzendari Urki Muguruza topaketen aurkezpenean izan da, eta "umorea, surrealismoa, absurdoa eta bizitasuna biltzen dituen" lana dela azaldu du. "Guretzat oso garrantzitsua da lana plazaratzeko eta ezagutzera emateko aukera izatea, eta eskerrikasko antolatzaileei horretarako tartea emateagatik", esan du.

Traganarru antzezlaneko protagonista, Iñigo Aizpitarte, ere izan da aurkezpen ekitaldian, eta antzezlana ikustera joaten denak "tarte ederra" pasatuko duela esan, eta "pertsona bakoitzaren errealitatearen gaineko zerbait sakona" uzten duela gaineratu du.

Antzerki eskolen eguna

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) Azpeitian du egoitza 2010etik, eta duela pare bat urtetik hartzen du parte topaketetan. Aurten I. Antzerki Eskolen Eguna antolatu du azaroaren 3rako (igandea). "Ezkutuan hainbeste lan egiten duen eta emaitza soilik ikusten den antzerki eskola horien eguna izango da", azaldu du Itziar Elias EHAZEko kideak. Gipuzkoako hainbat antzerki eskolatako kideak izango dira herrian goiz partean, eta batez ere, Urola bailarako eskolek hartuko dute parte.

XXXI. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua:

Urriak 31, osteguna: Gabriel Aresti Kultur Elkartearen Gabrielen lekua ikuskizuna. 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat)

Azaroak 1, ostirala: HIKA taldearen Hitzak. Besterik ez. obra. 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat)

Azaroak 2, zapatua: Estreinaldia: La Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu Panpin laborategiaren Hamlet obra. 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat)

Azaroak 3, igandea: Goiz partean Antzerki Eskolen Eguna, plazan. Patata Tropikala taldearen eskutik Mendiko Altxorrak antzezlana,. 18:30ean hasita, Soreasu antzokian. (Haur eta helduentzat)

Azaroak 8, ostirala: Txalo taldearen Hiru antzezlana. 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat)

Azaroak 9, zapatua: BADA Teatroaren Traganarru obra. 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat)

Azaroak 10, igandea: Markeliñe taldearen Hareazko ipuinak antzezlana. 18:00etan, Soreasu antzokian. (Haur eta helduentzat)

Antzerki Amateurrari zuzendutako asteburua:

Azaroak 14, osteguna: Ze Onda taldearen Mikrohuina antzerki emanaldi alternatiboa. 21:30ean, gaztetxean.

Azaroak 15, ostirala: Itzurungo uhinak taldearen Zaharrak berri obra. 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat).

Azaroak 16, zapatua: Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerraren Dena berriz bueltatzen da antzezlana. 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat)

Azaroak 17, igandea: Dar-dar produkzioaken Eta zer? obra. 18:00etan, Soreasu antzokian. (Haur eta helduentzat)

Urriaren 31n, eta azaroaren 12an eta 13an eskola antzerki emanaldiak izango dira, 11:00etan eta 15:30ean, Soreasu antzokian.