Foru Aldundiaren 2014ko aurrekontuaren 500.000 euro, herritarren partaidetzaren esku

Uztarria.eus 2013ko urr. 7a, 19:00

Urola Erdian abian jarri dute prozesua aurrenekoz, esperientzia pilotu gisa. Azpeiti, Azkoiti, Zestoa, Errezil eta Beizamako bizilagunek diru hori inbertitzeko proiektuak proposatzeko aukera dute, urriaren 17a arte. Jasotako proposamenen artean hautatuko du gero Aldundiak zer proiektu gauzatu. Azpeitian partaidetzako tailerra egingo da ostegunean, urriak 10, 18:30ean Sanagustinen, eta Udal Gobernuak parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Partaidetzazko aurrekontuak izenarekin, partaidetza prozesu berri bat jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, "herritarrek erabaki dezaten diru publikoa zertan inbertitu". Prozesu berri hori Urola Erdiko bailaran jarri dute abian lehen aldiz, esperientzia pilotu gisa, datozen urteetan herrialdeko gainerako eskualdeetara zabaltzeko asmoarekin.

2014ko foru aurrekontutik 500.000 euro jarriko ditu Aldundiak, herritarrek parte-hartze zuzenaren bidez proposatutakoari erantzuteko. Horrenbestez, Azpeiti, Azkoiti, Zestoa, Errezil eta Beizamako bizilagunek diru hori inbertitzeko proiektuak proposatzeko aukera dute, urriaren 17a arte. Hori bai, proposamenak Foru Aldundiaren eskumen propioetara egokitutakoak izan behar dira. Proposamen guztiak jasotakoan, lehentasunak ezarriko ditu Aldundiak eskualde mailako batzar batean, "eskualdearentzako beharrezkoenak eta mesedegarrienak direnak zehazteko". Ondoren, ebaluazio teknikoa egingo dute, proposamenen bideragarritasun juridikoa eta ekonomikoa zehazteko. Eta, azkenik, Aldundiak ontzat ematen dituen proiektuak aurkezteko beste batzar bat deituko dute.

Proposamenak helarazteko, berriz, bi bide dituzte eskura herritarrek: bata, etxean jaso duten fitxa bete eta, Azpeitiaren kasuan, udaletxeko, liburutegiko edo igerilekuko postontzietan utziz; bestea, Internet bidez, www.aurrekontuakhobetzen.net webgunea erabilita. Horrekin batera, eta prozesu honen barruan, partaidetzazko tailerrak ere antolatu dituzte herriz herri, herritarrek informazio gehiago jaso eta proposamenen gainean eztabaidatzeko aukera izan dezaten. Azpeitian ostegunean, urriaren 10ean, egingo da tailerra Sanagustinen, 18:30ean hasita.

Parte hartzeko deia

Parteiadetzazko aurrekontuen eta ostegunean herrian egingo den tailerarren berri eman du gaur Azpeitiko Udalak. Prentsaurrekoan, azpeitiarrek aukera hau baliatzearen garrantzia nabarmendu du Eneko Etxeberria alkateak: "Oso garrantzitsua da Azpeitiarentzat herritarrek proposamenak aurkeztea. Jendeak dauzkan ideiak plazaratzea eskatzen dugu. Proiektu zehatz batera dirua bideratzeko aukera izango dute, lehen aldiz".

Etxeberriak gogorarazi du, bestetik, proiektu honetara bideratutako diru-poltsa Batzar Nagusiek 2014rako foru aurrekontua onartzearen baldintzapean dagoela. Zentzu horretan, "alderdiei arduraz jokatzea eta partida hori behintzat kontuan hartzea" eskatu die.