Eneko Ibarguren 'Kurku' herrian da dagoeneko

22:30ak aldean iritsi da Eneko Ibarguren Kurku Orkatz Kultur Elkartearen atarira, eta han zain zituen ehundik gora herritar; tartean senideak eta lagunak. Aurreskua egin diote Orkatz atarian, eta bertso batzuk ere kantatu dizkiote barruan. 

Ibarguren aske gelditu bada ere, Herrira-ko kide izanda "erakunde terroristako kide" izatea egozten diote atxilotu guztiei, baita "erakunde armatua finantzatzea" ere. Hori argudiatzeko, legez kanporatuta dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren "oinordekotzat" jotzen zuen Herrira epaileak. Gainera, esaten zuen "terrorismoa goratu" dutela kaleratutako euskal presoen ongietorriak antolatuta. 

Hori dela-eta, hainbat baldintza jarri dizkiete: hamabostero joan beharko dute sinatzera, Espainiatik ezingo dute atera, pasaportea kendu die, eta presoekin zerikusia duten ekitaldietan ezingo dute parte hartu. Epaileak erabaki hori hartu aurretik Miguel Angel Carballo fiskalak hamarrentzat baldintzarik gabeko espetxe zigorra eskatu du (Ibargurenentzat kasu).

Gaur, osteguna, eguerdian utzi du Ibarguren aske Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, Herrira-ren kontrako operazioan atxilotutako beste hamar lagunekin batera. Arratsaldean beste lau lagun gelditu dira aske epailearen aurrean deklaratu eta gero. Jon Garai eta Nagore Garcia, berriz, aske utzi dituzte 21:00ak aldean, 20na mila euroko bermea ordainduta, eta Manu Ugartemendiak eta Jesus Mari Aldunberrik bihar goizean utziko dute Soto del Real espetxea, hauek ere 20na mila euroko bermepean.

Ibargurenen ongi etorriko bideoa eskegi du Urola Kostako Hitza-k webgunean. Ikusteko egin klik hemen.

Ekimen ugari datozen egunetan

19:00etan Sanagustinpean egin den herri batzarrean eman dute harrera ekitaldiaren berri. Era berean, ostiralerako herrian (gazte mugimenduakgehiengo sindikalak etahainbat herritarrek deituta) eta zapaturako Bilbon deituta dauden mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute arratsaldeko herri batzarrean, atxilotuak aske gelditu arren "baina" asko daudelako oraindik airean: guztiek inputatuta jarraitzen dute, "talde terroristako kide izatea, goratzea eta finantzatzea" leporatuta; eta Herrira-ren egoitzak bi urterako itxita geratuko dira, besteak beste.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide