Toreatzaile ikasketa praktikoak egingo dituzte zezen-plazan urriaren 5ean

Antolatzaile eta parte-hartzaileak, urriaren 5eko kartelarekin. Zutik, eskubitik aurrena, Kinttela; behean, kartelarekin, Arregi eta Balentziaga.

Francisco Marco toreatzailea eta Asier Etxaniz Kinttela banderilleroa erakusle dituztela, hiru zaletu gazte ariko dira, Berrosueta baserriko bost zezenekin: Joanes Balentziaga Baroie eta Iban Arregi Tapita azkoitiarrak, eta Juan Jose El Luri San Adriangoa. Ondoren, zezen bolaztatuak eta zezen txikiak ere aterako dituzte, eta haurrek karretoiarekin aritzeko aukera izango dute.

Ez da zezenketa izango, ezta kapea bat ere. Azpeitiko zezen-plazak zezenketen bueltako ikuskizuna hartuko du urriaren 5ean, baina inguruotan orain arte egin gabea zena. Toreatzaile ikasketa praktikoak izango dira egun horretan, 17:00etan hasita, bertaratu nahi duten ikusleentzat.

Francisco Marco Lizarrako toreatzailea eta Asier Etxaniz Kinttela azpeitiar banderilleroa erakusle dituztela, hiru zaletu gazte ariko dira, Berrosueta baserriko bost zezenekin: Joanes Balentziaga Baroie eta Iban Arregi Tapita azkoitiarrak, eta Juan Jose El Luri San Adriangoa. Ondoren, zezen bolaztatuak eta zezen txikiak ere aterako dituzte, eta haurrek karretoiarekin aritzeko aukera izango dute. Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte, Azpeitian Juantxo Txiki tabernan eta Azkoitian Isidro erretegian, 5 euroren truke; 14 urtetik beherakoentzat, hori bai, sarrera doan izango da.

Zaletasunari bidea emanez

Zulozabal elkarteak antolatu du saioa, Udalaren eta beste hainbat babesleren laguntzarekin, eta elkartearen egoitzan egin zuten aurkezpena atzo, asteartea. "Gaur hemen aurkitzen garenok zezen jolasa bultzatzeko asmoz gatoz. Zezenzaleak gara eta horrela izaten utz diezaguten nahi dugu", esan zuen antolatzaileen izenean Gaizka Otamendik.

Zaletasun horren barruan, toreatu nahi duten gazteei berez ez duten aukera eman asmoz antolatu dute urriaren 5eko saioa. "Gaur egun Azpeitia inguruan norbaitek toreatzea zer den jakin nahi badu, egoera zaila dauka -azaldu zuten antolatzaileek-. Edozein kirol, ofizio edo ekintza kulturaletan aritzeko aukera badago. Baina Izarraitz inguruko herri zezenzaleetan, toreatu nahi duenak ez du horretarako zezen eskolarik". Urriaren 5ean zezen-plazan ariko diren hiru gazteentzat, dena dela, ez da izango zezenen aurrean jarriko diren lehen aldia. Berrosuetan sarri ibilitakoak dira bi gazte azkoitiarrak, baita zezen-plazan ere. "Hau urtero egin izan dugu -azaldu zuen Berrosuetako Josu Uria ganaduzaleak-, baina ateak itxita, zaila delako orain egitera goazena antolatzea. Aurten, ordea, animatu egin gara".

Azkoitiarrak toreatzaile

Ikasketa praktikoen saioan pikatzailerik gabe jokatuko dituzte zezenak eta animaliak bizirik itzuliko dituzte ukuiluetara. Urriaren 5a "guretzat egun historikoa izango da", esan zuen Otamendik, "bi arrazoirengatik: batetik, ikasketa praktikorik inoiz ez delako egin izan Azpeitiko plazan; eta, bestetik, guk dakigula behintzat, Azkoitiko bi toreatzaile ere ez direlako inoiz aritu izan hemengo zezen-plazan".

Ikasketa praktikoetan parte hartuko duten hiru gazteek 16 urte dituzte. Aurkezpenean, Joanes Balentziaga Baroie eta Iban Arregi Tapita-ren jatorriak eman zuen zeresanik. Azkoitiko bi gazteak aurkezpenean izan ziren eta umorez hartu zituzten txantxak. Azpeitian toreatzaile izateko afiziodun gazterik ez al den galdetuta, "badaude, baina gazteegiak dira batzuk, eta beste batzuk ez dira animatu", azaldu zuten antolatzaileek.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide