Azpeitia ezagutzeko unitate didaktikoa kaleratu dute

Hik Hasi-ko kideak, liburuxkaren egileak, ikastetxeetako kideak eta Udal ordezkariak aurkezpenean.

Sei eta zazpi urteko ikasleei zuzendutako liburuxka kaleratu dute. Olatz Arangurenek eta Iban Izagirrek egin dituzte edukiak eta ilustrazioak, hurrenez hurren, eta beste bi liburuxka egingo dituzte datorren ikasturterako.

Joan den ostiralean aurkeztu zuten Azpeitiko ondarea unitate didaktikoetan proiektuaren lehenengo atala, udaletxeko areto nagusian. Herriko historiaren eta ondarearen inguruko informazioa hiru liburuxkatan jasotzen hasi da Azpeitiko Udala, eta lan hori Hik Hasik, euskal hezkuntzaren alorrean lan egiten duen erakundeak egingo du. 

Azpeitia ezagutzen izeneko lehenengo liburuxkak bi unitate didaktiko ditu, eta sei eta zazpi urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Dagoeneko prest da 2013-2014 ikasturterako, eta Olatz Aranguren Hik Hasi-ko teknikariak egin ditute liburuxkaren testuak, eta ilustrazioak, berriz, Iban Izagirrek. Arangurenek azaldu zuenez, "argazki zaharretatik ateratako bi pertsonaia nagusik, baserri mundua irudikatzen duen Inaxik eta kaletarra irudikatzen duen Patxik, ematen dituzte liburuxkako azalpenak, eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako unitate didaktikoak diren arren, Bigarren Hezkuntza, Helduen Eskolako edo euskaltegiko ikasleentzako ere egokia da liburuxka".

Iban Izagirrek sortu ditu Inaxi eta Patxi pertsonaiak, eta liburuxkako ilustrazio guztiak ere berak egin ditu. Izagirrek azaldu zuenez, "ilustrazio lana egiterakoan bitan banatu nuen lana; dokumentazioa eta alderdi artistikoa. Dokumentazio lana egiterakoan ezinbestekoa izan da Olatzen gida, eta Imanol Eliasek eta Artetxek egindako liburuak ere bai. Irudiari dagokionez, berriz, ahalik eta erakargarrienak egiten saiatu naiz, ilustrazio errealista eta kolore biziak erabilita, jendearen atentzioa erakartzeko".

Mari Jose Iturria Udaleko Hezkuntza zinegotziak ere hartu zuen hitza. "Lan sakonaren ondorena da liburuxka; lan handi baten emaitza, hain zuzen. Etorkizunari eusteko iraganari eustea beharrezkoa da. Udalak kultur ondarearen trasmisioa sustatu nahi du, eta herri ondarea ere bai", azaldu zuen.

Hik Hasiko koordinatzaile Joxe Mari Auzmendik ere errekonozitu zuen egindako lana, egileei "ziorionak" emanda: "Irakaskuntzan gabiltzanok badakigu gertutasuna zer garrantzitsua den trasmisiorako. Proiektu hau ederra eta gertukoa da azpeitiarrentzat. Bertatik abiatu eta mundura begira heztean datza proiektuak, eta Azpeitiko ondarea nola trasmititu da garrantzitsuena. Lana ederra da, eta hezitzaileen txanda da orain".

Aurrera begira, herritarrentzat unitate didaktikoen inguruko hitzaldiren bat edo beste antolatuko dutela azaldu zuten, eta ikastetxeentzako formakuntza saioak ere bai.

Beste bi datorren ikasturtean

Proiektua osatzen duten beste bi liburuxkak, berriz, datorren urterako jarriko dituzte abian. Bigarren unitateak, Aro Berritik Aro Garaikidera (XVI-XVIII) arteko denbora tartea bilduko du, eta 9-10 urte artekoentzat izango da. "Ikasleak hirugarren mailan ikasten du ondo irakurtzen, bigarren zikloan, eta hor konplexutasun pixka bat joango da". Eta, azkeneko unitatea, 11-12 urteko gaztetxoei zabalduko diete. XIX, XX eta XXI. mendeko Azpeitia izango dute ardatz azken horiek. Lehen Hezkuntza hiru ziklotan banatuta dago, eta lan kuaderno bakoitza ziklo batean erabiliko dute. 

Lehenengo liburuxka ikusteko egin klik hemen. Lehenengo liburuxkari dagokion hezitzaileen gida ikusteko, berriz, egin klik hemen.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide