Azpeitiko antitaurinoei

Jesus Lopetegi 2013ko uzt. 26a, 12:32

Hastear ditugula Azpeitiko saninazioetako zezenketak, utz iezaidazue barruak inarrosten dizkidan nire iritzi kritikoa zuengantzen.

Sanagustin kulturgunean aurkeztu duzuen erakusketa, interesantea eta interesatua irudi zaidala aipatu lehenik.

Interesantea, irizpide guztiak auspotzen diren gunean helarazi dizkiguzuelako, eta interesatua, erakusketaren argazki gehienetan, odola zelako protagonista bakarra (zezenketak besterik ez balira bezala), eta horrekin, sinpleki, tranpa psikologiko zaharkituenarekin, odolak sorrarazten duen izua eta nahigabea erabili errefuxaz, zezenketarekin gozatuko luketen zaletu berriak kolonizatzeko.

Onartzen dut zezenak sufrituko duela ez dakit zein intentsitate edo alorretan, zeren bere suharrean, plazan kaiolatua eta zirikatua izatearen amorrazioak bigarren mailara jeitsi lekioke oinaze fisikoa.

Gizakiok, bizidun oro kontrolatu, manipulatu, ustiatu eta erabili ohi dugu beraien ahalmenaren mugetaraino. Elikatzeko ezinbestekoa dugunarena, gezurra da hein handiegi batean, eta berauekiko dugun nagusitasuna inposatzen diegu gure gastronomia, bakardade edo aisialdia gozarazteko.

Pairatuarazten diegun min fisiko-psikologikoa irain kontziente bat da paradisuaren utopiari. Berauek ere sentitu, maitatu eta negar egiten baitute existentziaren gatazkan. Eta min psikologiko hori, odolarekin alderatuta, bortitza da. Bihotzgabea.

Ez iezaidazue galdera zekenik egin, ea neuretzat nahiko nituzkeen korridetan egiten dizkietenak. Noski ezetz! Ezta ere hilarterainoko griluarekin sortzera kondenatu ditugunarena ere. Baina hil hala bizikoa banu bat hautatzea... Dehesatako hausnar patxadosoa bere amaiera jakinarekin. Zalantzarik gabe!.

Etikoki eredugarriak zarete justizia unibertsalaren idealismoan, urkoaren zaletasuna eta erabakia publikoki borrokatzen diguzuen arte.

Zezenen eskubideak aldarrikatuz plaza aurrean ohikoa duzuen pankartaren dialektika eta zuen presentzia salatzailea, indiferentziz igarotzen badugu ere, ez du bizikidetzaren eta desberdin pentsatzeko edota sentitzeko eskubideak behar lukeen errespetu logikoa. 

Zezenzaleon patologia arbasoengandikoa eta espirituala da. Ez duzuela ulertzen? Bertso baten amaiera datorkit burura: 

                “Nik ulertzen det ez ulertzea

                jai gozatsuak direla

                ez ulertua borrokatzea

                ulergaitz dudan bezela”.

Tamalez, zenbait politikoren inkoherentzia eta sarraski salaketa hipokritak, nola, festa espainoltzat dituztenen zantzuak edo zezenaren munduko diru errazaren lilurak, birrintzera darama zezenketa. Eta orduan, sortuko dira beste talde animalistak desagertu ez dadin zezen arraza. Eta ZOOetan izango ditugu ikusgai.

Luze egingo zaie bizitzearen agonia, eta indultatutako baten bizipenen oinordeko arbasoen suertea amestuko dute.