Mikel Labaka: "Une egokiena da uzteko: ez dut erreta bukatu"

'Berria' 2013ko eka. 27a, 12:45

33 urte egingo ditu aurki Mikel Labakak, eta bere urteen bi heren eman dizkio futbolari. Uzteko garaia dela iritzita, egindakoari gainbegiratu bat eman dio. Berria egunkariak elkarrizketa egin dio azpeitiar futbolariari.

"Futbolean hasi nintzenean 12 urte izango nituen, Lagun Onak-en", azaldu du Mikel Labakak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980), Garmendipe, bere herriko futbol zelaia, parez pare duela. Lau urte geroago, Hirugarren Mailan ari zen jokatzen, herriko taldean, eta handik joan zen Realera. Orain, futbolarekin kito egiteko unea dela erabaki du. Ibilbideari begirada bat emateko aukera paregabea.

Ematen du atzo egin zenuela debuta Realeko lehen taldean, eta hainbat urte joan dira, ia hamarkada bat. 

Bai. 2004an izan zen, eta niri ere gertatzen zait gauza bera: ematen du oso gertu dagoela egun hura, baina igaro da denbora, bai. Pentsatzen hasita, konturatzen naiz gauza asko bizi izan ditudala Realean, momentu onak eta txarrak: entrenatzaile asko, presidenteak ere ugari...

Debutatu aurretik, utzita joan zinen Real Unionera eta Murtzia Hirira. Hain zaila da Realeko lehen taldera heltzea?

Batzuentzat zaila da, bai (barrezka). Gehiengo bat ez da gora heltzen, eta ni ez naiz hasiko kexan berandu heldu nintzela edo ez. Azkenean, hainbat faktore hartu behar da kontuan gora heltzeko: norbere ezaugarriak, zorteak ere balio du... 24 urterekin debutatu nuen bezala, jakitun naiz Realean jokatu gabe ere gera nintekeela edota lehenago debuta nezakeela. Egoera hala egokitu zen, eta ez dago bueltarik. Jose Mari Amorrortu nuen entrenatzaile, kluba harrobira begira jarri zen berriz, eta faktore horiek guztiak baliatu egin nituen.

2007an Bigarren Mailara jaitsi zen Reala, eta taldean zinen zu. Debutatu zenuenetik jaitsierako unera arteko denboraldi zailak egokitu zitzaizkizun. 

Aurreneko denboraldia ona izan zen, lasai ibili ginen sailkapenean, baina handik aurrera beherantz hasi ginen, eta, azkenean, mailaz jaitsi ginen.

Jaitsierako denboraldi hari buruzko iritzia aldatu zaizu denborarekin?

Lehen Mailan mantentzea zaila da, eta denborak erakutsi dit hala dela. Begira zein talde ari diren jaisten. Bestalde, futbolaren osagaietako bat da taldeak egiten duenak eragin egiten diola jendeari, eta errudun sentipena izan dezake jokalariak. Gehiegi eragiten dio jendeari, nire ustez, baina hori horrela da. Neure barruarekin lasai nago, beti dena eman dudalako eta ahal dudan lekuraino heldu naizelako; gero, jendeak egin behar ditu balorazioak. Futbolariak pribilegiatuak gara, kanpotik eder ikusten da dena, baina sufritu ere egiten dugu, eta jaitsierako une hura sufritzekoa izan zen. Jakitun nintzen jendeari zer eragin zion horrek, eta norberari ere eragin egiten dio. Baina jakin egin behar da egoera horiei aurre egiten. Bai egoera onetan eta txarretan, lasaitasuna ematen saiatu izan naiz.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko egin klik hemen.