Azpeitiko EAJ: "Zorionak herriari, hondakinen inguruan lortu den akordioa ona delako"

EAJko kideak, ostiralean emandako prentsaurrekoan. (Nerea Uranga)

Azpeitiko EAJk Udaleko alderdi guztiek aho batez hondakinen inguruan hartutako erabakiaren inguruko balorazioa egin du. Jeltzaleen ustez, akordioa "ona eta zabala" da, eta orain "edukiontzien sistema hobetu eta benetan eraginkorra izan dadin egin behar dugu lan".

EAJko Azpeitiko Uri Buru Batzarrak eta Udal zinegotziek maiatzaren 7an ohiko udalbatzarrean hondakinen inguruan Udaleko alderdi guztien artean hartutako erabakiaren balorazioa egin dute. Jeltzaleen aburuz, lortutako akordio "zabala eta ona" da: "Alderdi guztiok egin dugu gehiago birziklatzearen eta berrerabiltzearen aldeko apustua, eta horretarako gure alderdiak beti babestu duen sistema aukeratu da".

Udalaren esfortzu nagusia "krisiari irtenbideak aurkitzean datza, eta gure herriak ez luke ulertuko zaborren gainean liskar berri bat sortzea", azaldu zuen Aitor Gorrotxategi EAJko Udal bozeramaileak: "Horregatik eta erantzunkizunez jokatu nahi izan dugulako, Udalean akordio zabal batera iritsi gara, eta guztioi dagokigu onartutako akordioa martxan jartzea eta betetzea".

Horrenbestez, "edukiontzien sistema hobetu eta benetan eraginkorra izan dadin egin behar dugu lan", esan zuen Gorrotxategik. "Herritar guztiak animatu nahi ditugu ahal den gehien birziklatzera, eta herriko birziklapen tasa ahal den heinean handitzea. Lapatx zabortegia ixteko epea ere gerturatzen ari da, eta berriro eskatu nahi dugu 2014an itxi dadila".

EAJ aitzindaria

Pello Elorza Azpeitiko Uri Buru Batzarreko lehendakariak Eneko Etxeberria alkateari erantzun dio. Hondakinen inguruko erabakiaren gaineko balorazioa egiterakoan Etxeberriak, EH Bilduren izenean, "gaizki egin dira gauzak Azpeitian urte luzez, 30 urtez gutxienez, gai honi ez zaio heldu edo oso modu arinean tratatu da", esan zuen. Elorzak, alkateari erantzunez, "orain dela 30 urtetik hona, Azpeitiko herria eta Gipuzkoako guztiak, Foru Aldundia buru dela, hondakinen gaiari ahalik eta erantzun egokiena ematen saiatu da", argitu du.

Elorzak jakinarazi duenez, "Enekok orain deskubritu duen gaztelerazko 3R-en sistema (murriztu, berrerabili eta birziklatu) jarri zen martxan Gipuzkoan, Foru Aldundia gidari zela, eta hori ere ez da gauza berria, EAJk aspaldi bultzatutako ekimena baizik".

"Hondakinen tratamendu egokia lortze bidean, Lapatx zabortegia zabaldu zen 1987an, eta konposta egiteko planta ere bai, hondakinak ahal zen txukunen tratatu eta birziklatzea nahi zelako". Azpeitian, Bilduk hauteskundeak irabazi aurretik jada bederatzi edukiontzi erabiltzen ziren eta, beraz, "ingurumenaren errespetuan beti izan gara aitzindari", azaldu du Elorzak. 

EAJk %70eko birziklapen tasa lortu daitekeela uste du, baina "zer gertatzen da gainerako %30arekin?", galdetu dute: "Europak dio errefus hori ere balorizatzeko, eta ez kamuflatutako 'interteen biltegietan' gordetzeko. Horiek ere zabortegiak dira, Lapatx bezalaxe".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide