Urretabizkaiaren '3 Mariak' aztertuko dugu solasaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Literaturzaleen Txokoa 2013ko api. 15a, 01:21

Hilaren 29an arituko gara donostiar idazlearen liburuaz. Bestalde, Ebook-en atala sortu dugu gure webgunean.

 

Zahartzaroan gaztetako garaiak gogoratzea ohikoa da, baina ez gaztetan egindako promesei heltzea. Dena den, hori da 3 Mariak liburuko protagonistek egiten dutena. Gorri, Txuri eta Handik bizi desberdinak izan dituzte, baina badute bizitzaren hasieran, atal zabal bat, komunean. Amaiera ere horrelakoa izango dute?

Libur hori Pako Aristiren gidaritzapean aztertuko dugu hilaren 29an, 18:30ean, Udal Liburutegian. Udal Liburutegiak aurten antolatzen duen bigarren Literatur Solasaldia izango da.

Solasaldi horiek liburua irakurri edo interesa dutenentzako daude zabalik. Liburua irakurri edo eskuratu nahi dutenek Udal Liburutegira jo behar dute.

Webgune berria

Solasaldi horren eta besteen informazio guztia Literaturzaleen Txokoko webgunean eskuratu daiteke. Webgunea berria da eta oraindik eraikitzen ari gara. Dena den, oinarrizko informazioa dagoeneko bertan duzue: www.literaturtxokoa.com.

Webgunerako, gure jarduerako edo bestelako gomendioak edo proposamenak badituzue webgunean bertan azaltzen den e-postara bidali ditzazkezue. Baita, informazioa zuzenean zuen e-postan jaso nahi baduzue mailing sistemari esker (e-postara zuen helbidea bidalita).

Ebook

Aspaldian, jendeak gero eta joera handiagoa du liburuak irakurgailu digitaletan, ordenagailutan edo bestelako pantailetan irakurtzeko (mugikorrak, tabletak…). Horretaz ohartuta, gure webean atal berezia sortu diogu Ebook sistemari. Hor aurkituko dituzue esteka interesgarri ugari. Doako liburuak deskargatzeko, liburu elektronikoak internetez erosteko guneak, liburu elektronikoen irakurgailuak erosteko gomendioak, denda digitalak… Denetarik. Sartu eta bistaratu, ziur zerbait interesgarria topatzen duzula!

www.literaturtxokoa.com

AzpeitikoLiteraturzaleenTxokoa@gmail.com