Gipuzkoako enplegu erregulazioko espedienteen %13a Urola Kostan aplikatu da otsailean

Uztarria.eus 2013ko mar. 27a, 13:30
Gipuzkoan otsailean aplikatutako enplegu erregulazio espedienteen grafikoa, eskualdeka.

Euskal Autonomi Erkidegoan, oro har, enplegu erregulazioko espedienteak (EEE) %24 murriztu dira otsailean. Gipuzkoan Donostialdea izan da espediente gehien (%45) aplikatu den eskualdea. Haren atzetik, alde handiarekin (%13) da Urola Kosta.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politeketako Sailak azaldu duenez, Euskal Autonomi Erkidegoan, oro har, enplegu erregulazioko espedienteak (EEE) %24 murriztu dira otsailean. Gipuzkoan hilabete horretan enplegu erregulazioko espediente gehien (%45) aplikatu den eskualdea Donostialdea da. Haren atzetik, alde handiarekin (%13) da Urola Kosta, eta Debabarrena eta Tolosaldea dira zerrendan hurrengoak enplegu erregulazioko espedienteen %10a aplikatu dira-eta bietan.

Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailak enplegu erregulazioko 265 espediente baimendu zituen Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Urtarrilean baino %24 gutxiago, eta 2012ko otsailean baino %38 gutxiago. Eteteko erregulazio espedienteak 151 izan dira, 99 lanaldia murriztekoak eta 15 iraungitzekoak.

Espediente guztietatik 133 aurreko baten jarraipena izan dira, eta 2.972 langileri (%75) eragin die. Otsailean onartutako erregulazio espedienteek, berriz, 3.938 langileri eragin die, urtarrilean baino %6 gutxiagori, baina 2012ko otsailean baino %31 gehiagori.

Egun, 1.827 erregulazio espediente daude indarrean Euskal Autonomi Erkidegoan, eta 17.189 langileri eragiten die.