Kurro eta Pelitxo gogoan

Uztarria.eus 2013ko mar. 25a, 19:28

Ostiralean, martxoaren 22an, bete ziren 29 urte Pasaiako badian Espainiako Poliziak tiroz Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose María Izura Pelu iruindarrak hil zituela; Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak ziren lauak. Egun bat beranduago, zapatuan, urtero legez gogoan izan zuten Azpeitian hainbat lagunek Pasaiako segada. Kurroren eta Pelitxoren senitartekoak, lagunak eta beste hainbat herritar elkartu ziren eguerdi partean Enparan dorretxearen ondoko monolitoaren bueltan,  Kurro eta Pelitxo gogoan zaituztegu! lelopean egin zen ekitaldian. Han hitza hartu zutenek gertatutakoren memoriari bizirik eustearen garrantzia nabarmendu zuten, eta gogora ekarri zuten, ia hiru hamarkada bete ondoren, Pasaiako badian gertatukoak argitu gabe jarraitzen duela.