Corrugados itxi egingo duela esan die Gallardok enpresa batzordekoei

Uztarria.eus 2013ko mar. 21a, 19:07
Corrugados Azpeitian 250 langile ari dira lanean egun, eta beste 50 kaleratu epaiketaren zain daude.

Gaur, ostirala, prentsaurrekoa deitu dute batzordekideek, atzo zuzendaritzarekin izan duten bileran esandakoez xehetasun gehiago eman eta aurrera begirako planteamenduak azaltzeko.

Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitia ixteko asmoa azaldu die enpresa batzordeko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariei. "Atzo Corrugados Azpeitiako komite eta enpresaren arteko bilera eman da eta Gallardo taldearen ordezkariak enpresa ixtearen aldeko erabakia hartu dutela adierazi du. Erabakiaren atzean taldeak Getafen (Espainia) duen enpresaren aldeko hautua dago". Horrela zioten langileen ordezkariek atzo arratsaldean komunikabideetara igorri zuten prentsa oharrean.

Ohar horrekin gaur, ostirala, emango duten prentsaurrekorako hitzordua jarri dute enpresa batzordekoek. Han, atzo zuzendaritzarekin izan duten bileran esandakoez xehetasun gehiago emango dituzte, eta aurrera begirako planteamenduaren berri ere bai.

Lanean hasi, baina ezin egin

Kaleratzeen kontra eta lan baldintzen murrizketen kontra iazko ekainetik sei hilabeteko greba egin zuten Corrugados Azpeitiako langileek. Urtarrilaren 4an utzi zuten lanuztea, baina urtarrilaren 25a arte "inposatutako" oporraldia izan zuten langileek. Urtarrilaren bukaeran itzuli ziren langileak lanera, enpresa berriro martxan jartzeko mantenu lanak egitera. Otsailaren 23an piztu zituzten fundizioko labeak eta otsailaren 25ean laminazio planta martxan jarri zuten. Baina, grebaren aurretik lantegian pilatutako txatarra bukatu eta martxoaren hasierarako fundizioa berriro geldituta eduki zuten, lehengai faltagatik. Zuzendaritzak berriro materiala ekarriko zuela agindu zien orduan langileei; ekarri bai, baina gutxi.
 
Corrugados Azpeitiako langileek bi aldeen arteko akordioari bide emateko asmoarekin utzi zuten greba. Ordutik, behin baino gehiagotan bildu dira Enpresa Batzordea eta zuzendaritza; alde bakoitzak bere proposamena ere mahai gainean jarri du. Baina, ez dira akordio batetara iritsi.
 
Atzo, ordea, Alfonso Gallardo Taldearen zuzendaritzaren ordezkariek Azpeitiko planta ixteko asmoa dutela azaldu zien langileen ordezkari sindikalei.
 
Corrugados Azpeitian gaur egun 250 langile ari dal anean eta beste 50 inguru kaleratuta daude, baina kaleratzeen gaineko banakako epaiketaren zain daude. Datorren asteartean da epaiketa, Donostian.