Iñaki Hernandez: "Uste baino maila baxuagoa izan zen Espainiako txapelketan"

Iñaki Hernandez CNC Tornaketa proban, Madrilen.

Worldskills Spain 2013n txapelketako CNC Torneaketa proba irabazi zuen duela bi asteburu, Madrilen, azpeitiarrak. Hori dela-eta, mundu mailako txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu zuen Hernandezek, baina ez daki joaten "utziko" dieten.

Iñaki Hernandezek (Azpeitia, 1991) Worldskills Spain 2013n txapelketako CNC Torneaketa proba irabazi zuen duela bi asteburu, Madrilen. Elgoibarko IMH-n Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan ikasketetako bigarren mailako ikaslea da Hernandez, eta mundu mailako txapelketan, Alemanian, parte hartzeko txartela eskuratu du azpeitiarrak, baina ez daki joaten "utziko" dieten. Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du.

Zertan datza irabazi berri duzun probak?

CNC Tornaketa probak tornu-makinan pieza bat egitean datza. Txapelketako antolatzaileek emandako neurriekin egin behar da pieza eta, horretarako, plano bat eta ordenadorean hiru dimentsioko pieza bat ematen dituzte. Nik bi horiekin altzairuzko pieza bat egin behar izan nuen. Espainiako Txapelketan, esaterako, halako bi egin behar izan genituen.

Prestaketa berezirik egin al duzu txapelketan parte hartzeko?

Astean bi arratsaldetan-edo eskolan gelditzen nintzen hiruzpalau orduz, eta irakasle baten laguntza izaten nuen prestatzeko.

Zer dela-eta aurkeztu zinen probara?

Iaz, Euskal Autonomia Erkidegoko txapelketan apuntatu nahi al genuen galdetu zigun tutorea. Animatu egin nintzen, eta hiru gelakide izan ginen txapelketa hartan joan den maiatzean. Gero, EAEko txapelketa irabazi ostean, Espainiakora joateko aukera izan nuen.

EAEkoaz gain, Espainiako urrezko domina lortu duzu tornaketa modalitatean. Espero al zenuen?

Espero ez, baina banekien aukerak bazeudela. Uste baino maila baxuagoa izan zen Espainiako txapelketan. Bost parte hartzaile ginen, eta beste erkidegoetako partaideek maila hobea izatea espero nuen. Urduri zeudelako agian, baina pieza bukatzerik ez zuten izan hiruk.

Pieza bukatzeko, gehienez, zazpi ordu ematen dituzte, baina horrek ez du garrantziarik puntuazioan. Bi parte hartzailek pieza berdina eginez gero, orduan hartzen da kontuan denbora, eta azkarrena egin duenak irabazten du. Gainontzean ez da kontuan hartzen denbora. Niri ordu eta erdi sobratu zitzaidan.

Munduko txapelketan izango zara uztailean.

Ez dakigu joango garen. Toki guztietan ari naiz irakurtzen mundu mailako txapelketan izango garela, baina ikusteko dago. Espainiak dirurik ez zagoela eta ez joatea erabaki zuen. Guk, EAEk, zazpi probatan lortu dugunez urrea, eta Herrialde Katalanetan beste sei edo irabazi dituztenez, joatea nahi dugu. Hori bai, joatea nahi dugu, baina ez dakigu utziko diguten. Ikusteko dago.

Joango zaren ala ez dakizun arren, nola ikusten duzu munduko txapelketa?

Oso zaila izango da. Mundu osoko jendea izango da bertan eta, iaz esaterako, 24 parte hartzaile izan ziren nire modalitatean. Korear batek irabazi zuen, eta badakizu horiek gure aurretik dabiltz kontu horietan. Ikasteko bada ere, balioko du parte hartzeak.

Gainera, munduko txapelketan diseinuko partea ere geuk egin beharko dugu. Ordenagailuan hiru dimentsiotako pieza eman beharrean, neuk egin beharko dut. Planoa soilik emango digute.

Irabazi dituzun bi txapelketek ateak irekitzen langunduko dizutela uste al duzu?

Ez dakit, baina baetz espero dut. Kurrikulumean jartzeko behintzat balioko dit. Gainontzean, ez dut uste alde handirik egingo didanik. Harritzen zait. Neuretzat eta eskolarentzat izango da ona.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide