Aurrekontu parte hartzaileak osatzeko azken bilera martxoaren 6an izango da

Uztarria.eus 2013ko ots. 25a, 15:00
Ezkerretik eskubira, IƱaki Portilla zinegotzia, Leire Etxaniz zinegotzia eta Eneko Etxeberria alkatea.

Otsailaren 20an ziren berez herri-kontseilua egitekoak, baina auzokako zein arlokako batzarretan jasotako "ekarpenen kopurua handia izan denez", martxoaren 6an, asteazkena, egingo da aurrekontu parte hartzaileak osatzeko azken bilera. Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan hasita.

2013ko Denon Artean aurrekontu parte hartzaileak osatzeko auzokako zein arlokako bilerak otsailaren 8an bukatu zituzten, eta "bileretan jasotako ekarpenen kopurua handia izan denez" hilaren 20an egitekoak ziren prozesuko azken bilera, herri-kontseilua, martxoaren 6an, asteazkena, izango da, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.

Udal gobernuak aurtengo Denon Artean prozesuaren balorazio orokorra egin du, eta Leire Etxaniz zinegotziaren arabera, "2013ko Denon Artean prozesuaren diseinuan parte-hartzea indartzeko hainbat berrikuntza egin ditugu, eta bi nabarmentzearren, udal langileen eta herritarren galdetegi bidezko parte-hartzea aipatuko nituzke". Udaleko langileak kontatu gabe, 685 herritar izan dira arlo zein auzoetako bileretan. Etxanizen aburuz, "parte hartzeko baliabide berriak eskaintzeak, ekarpen eta iritzi gehiago biltzea ekarri du. Batzarrak positiboki baloratu dituzte herritarrek eta Udala gardentasunera bidean egiten ari den lana azpimarratu dute".

Iñaki Portilla industria zinegotziak, batzarretan 2012ko balantzea egin dela azaldu du, eta bere iritziz "parte hartu duten herritarren gehiengoak, orokorrean, udalak 2012an egindako lana ondo baloratu dute. Gainera, herritarrek norbere auzo edota arlora begira exijentzia maila handiagoa eskatu diote Udalari. Bestalde, 2013rako Udal Gobernuak ezarritako lehentasunekin bat egin dute herritarrek, eta aurrekontuetarako irizpideak ez dira eztabaida edota kezka iturri izan. Galdetegi bidez jasotako erantzunei dagokionez, berriz, parte hartzaileen ustez arlo garrantzitsuenak gizarte zerbitzuak eta ekonomia dira. Ondoren datoz hezkuntza, hirigintza eta ingurumena", dio Portillak.

Auzo eta arloetako eskakizunak

Auzoz auzoko bileretan 2012ko aurrekontuetan aurreikusi ziren lanak amaitzea eskatu dute herritarrek, eta "auzo alkate eta auzo batzordearen lanari esker, Udalarekin harremanak sendotu izana" goraipatu du Iñaki Portillak. Bestalde, "herritarrek hirigintzako detaile txikiei" garrantzia ematen dietela azaldu du: gune irristakorrak, barandillak, argiztapenak, mantenua, garbitasuna…

Gizarte beharren arloko batzarrean 2013an Mahai Soziala martxan jartzeko erabakia hartu zuten. Arropa edota janaria bildu eta egun diren hutsuneak betetzearen alde lan egiteko borondatea agertu zuten hainbat eragilek eta herritarrek. Etorkinen batzarrean ere integrazioa lortzeko bidean egin beharreko lanari ekiteko prest agertu ziren hainbat parte hartzaile. Ekonomiako batzarrean, berriz, Enplegu Planaren eta 2013rako udalak onar ditzakeen egitasmo berrien inguruan eztabaidatu zen. Kultura zein turismo arloko, eta baserritarren ala merkaterien batzarretan egindako ekarpenak azpimarratu ditu Udal Gobernuak.