Imanol Elias hil da

Uztarria.eus 2013ko urt. 26a, 20:50
Imanol Elias.

Gaur arratsean zendu da Donostian, ospitalean. 77 urte zituen. Antzerki-egilea, antzerki zuzendaria, historialaria, Azpeitiko alkatea, idazlea, irakaslea... eremu askotan nabarmendu zen azpeitiarra. Besteak beste, Azpeitiko ohorezko kronista izendatu zuen Udalak 2010ean; 2011n, Kultur Mahaiak ohorezko bazkide. Uztarriak haren biografia argitaratu zuen, Mailo Oiarzabalek idatzia, 2002an. Hileta elizkizuna astelehenean, urtarrilak 28, izango da Soreasuko San Sebastian parrokian, 19:00etan.

Minbiziaren kontra borrokan denbora luzez aritu ondoren gaur (zapatua) arratsean hil da Imanol Elias Odriozola, ospitalean, Donostian. 1936an jaioa, joan den Urte Berri egunean bete zituen 77 urte.

Antzerki-egilea, antzerki zuzendaria, historialaria, Azpeitiko alkatea, idazlea, irakaslea... eremu askotan nabarmendu zen azpeitiarra, eta ia beti Azpeitiari lotutako langintzan. Besteak beste, Azpeitiko ohorezko kronista izendatu zuen Udalak 2010ean; 2011n, Kultur Mahaiak ohorezko bazkideUztarriak haren biografia argitaratu zuen, Mailo Oiarzabalek idatzia, 2002an. Komunikabideetan kolaborazioak egiteagatik ere nabarmendu zen Elias; horien artean, Uztarria herri aldizkarian 2000. urtetik 2009ra egin zituenak, Azpeitiko historiaren pasarteekin.

1950eko hamarkadaren bukaeratik XXI. mendearen hasieraraino, Azpeitiko kulturgintzaren erreferentea izan zen Imanol Elias, sortzaile eta eragile bezala: Oargin, Antxieta Antzerki Taldean eta Antxieta erakusketa aretoan, besteak beste.

Herriko politikan ere parte hartu zuen. Udalean, frankismoaren azken urteetan zinegotzi izan zen, 1974tik 1978an dimisioa eman zuen arte. 1977an, trantsizio garaian, hark altxatu zuen lehen aldiz ikurrina udaletxeko balkoitik, San Sebastian bezperan. 1983an, berriz, alkate hautatu zuten, EAJtik; ez zuen kargu horretan denbora luzea egin, 1984an dimisioa eman baitzuen, alderdiaren barne krisiaren ondorioz.

Azken hamarkadetan, berriz, historialari lanari emanda ibili zen, batik bat. 2003ko Azpeitiko efemerideak. Herria historian zehar liburua da arlo horretan argitaratu zuen mardulena. Liburu hartako datu kronologiko guztiak eta harrezkerokoak, eguneratuta, webgune honetako Efemerideak atalean daude jasota.

Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatuko zuela iragarriz Enekoitz Esnaolak idatzitako artikulu honetan daude Imanol Eliasen ibilbidearen zertzelada nagusiak.