Corrugados Azpeitiako langileek greba utziko dute negoziazioekin hasteko

Uztarria.eus 2013ko urt. 2a, 13:43
Corrugados Azpeitia enpresako batzordeko kideak eta langileak, Sanagustin kulturgunean.

Ostiralean, hilak 4, 08:00etan utziko dute greba, eta lanera sartuko dira. "Borrokak aurrera darrai, eta mobilizazioekin segiko dugu", azaldu dute.

Sei hilabete greban eman ostean Corrugados Azpeitiako langileek, ostiralean, urtarrilak 4, bertan behera utziko dute lanuztea, "negoziazioekin hasteko". "Borrokak aurrera darrai, eta mobilizazioekin segiko dugu", azaldu dute.

Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko kideek, langileen izenean, eman dute erabakiaren berri, eta azken erabaki juridikoek borroka moldea aldarazi diotela azaldu dute. Izan ere, Corrugados Azpeitiako kaleratzeen inguruko epaia batetik, eta murrizketen kontrakoa bestetik, langileen aldekoak izan dira.

Langileek gaineratu dutenez, "guk negoziazioari heldu nahi diogu, baina enpresak ez du horretarako borondaterik erakutsi". Arazoari irtenbidea "negoziazio bidez eta ez inposaketa bidez" eman behar zaiola, eta "kaleratzeek borondatezkoak" izan behar dutela esan dute.

Horrenbestez, ostiralean, hilak 4, 08:00etan lanera sartuko dira Corrugados Azpeitiko beharginak,  eta negoziazioaren epea zabalduko dute. "Egindakoaz harro" daudela eta "orain enpresari tokatzen zaio egoera baloratzea", adierazi dute."Ikusteko dago enpresak zer proposatzen digun, baina akordiorik lortu ezean, berriz kalera aterako gara", jakinarazi dute.