Aimar Irigoienek irabazi du Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa, seigarrenez

Uztarria.eus 2012ko abe. 26a, 11:55
Seigarren urtez jantzi du harri handien txapela Irigoienek.

Irigoienek, guztira, 8.775 kilo altxatu zituen 57 jasoalditan. Igandean jokatu zen txapelketa Asteasuko Usarrabi pilotalekuan.

Aimar Irigoienek (Errezil, 1986) seigarrenez jantzi du Euskal Herriko Harri Handien Txapelketako txapela, 2.550 eta 2.950 kiloko aldea aterata Joseba Ostolazari eta Jokin Eizmendiri, hurrenez hurren. Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatu zen txapelketa joan den igandean, hilak 23, eta harmailetan 200 bat ikusle izan ziren.

Kirolari bakoitzak 200 kiloko harri errektangularra, 175eko zilindro kopa, 150eko kubikoa eta 125eko bola erabili behar izan zituen. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutu izan zituzten harri-jasotzaileek.

Irigoienek Luis Mari Telleria eta Urtzi Telleria aita-semeak izan zituen laguntzen ondoan. Orain dela bi urteko zenbakien parean aritu zen aurreneko bi harriekin, zazpi eta hamasei altxaldi eginda. Hirugarrenarekin, kuboarekin, orduan baino jasoaldi bat gutxiago egin zuen (13), baina bolarekin bi gehiago, 21, egitea lortu zuen errezildarrak. Guztira, 8.775 kilo jaso zituen, 57 altxalditan.