Bost urteko espetxe zigorra Josu Urbieta 'Pow'-rentzat

Fiskalak sei urteko zigorra eskatu zuen Urbietarentzat, azaroaren 7an egindako epaiketan. ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatu diote azpeitiarrari.

Josu Urbieta Pow (1978) azpeitiar presoari bost urteko kartzela zigorra jarri dio Frantziako epaitegi berezi batek, nahiz eta fiskalak sei urteko zigorra eskatu zuen. Espetxealdia bukatutakoan ezingo du Frantziara sartu, eta 2.668,66 euro ordaindu beharko dizkio atxilotua izan aurretik, ustez lapurtu zuen autoaren jabeari. ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatu diote azpeitiarrari.

Azaroaren 7an epaitu zuten Urbieta Parisen, eta epaia abenduaren 2an ziren ematekoak, baina atzeratu egin dute.

Josu Urbieta Pow-k dagoeneko bi urte pasa daramatza espetxean. 2010eko ekainaren 10ean atxilotu zuten ustezko etakidea Lemosin eskualdean, Vars sur Roseixen, Frantzia erdialdean, eta La Santeko espetxean dago preso. Berri agentzien arabera, auto bat lapurtzen ari ziren hiru lagun, tartean Urbieta, eta beste biek ihes egin zuten. Horien arabera, atxilotzeko unean ETAkoa zela esan zuen atxilotuak eta, arma bat zuen soinean.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
Juan Karlos Arruti (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten. 
Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten. 
Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
Joseba Segurola. Lannemezan (Frantzia) preso, 269 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
Josu Urbieta (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)


Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide