Azpeitiko historia biltzen ari dira, eskoletan LHko ikasleei zabaltzeko

Udalak jarri du abian proiektua, eta herriko hiru ikastetxeekin adostuta garatuko dute; Hik Hasi elkartea ari da lan teknikoa egiten. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute ekimena, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

"Norberaren herria ezagutzeak, Azpeitia ezagutzeak, zer balio izan dezake?". Horixe galdetu zion bere buruari Azpeitiko Udalak legegintzaldi honen hasieran. Erantzuna bere buruari eman dio: "Zaila izaten da ezagutzen ez dena maitatzea; ez baduzu maite, zaila inplikatzea; ez badago inplikaziorik, zaila herriak aurrera egitea. Gure nortasunaren eta kulturaren biziraupenaz dihardugu; honen aurrean herriko ondarea gazteenei helarazteko lana ezinbestekoa zaigu, herriaren ezagutzak baldintzatzen baititu hein handi batean herriaren oraina eta etorkizuna". Pentsaera horretatik abiatuta, Azpeitiko ondarea unitate didaktikoetan izeneko proiektua sortu du udalak. Helburu nagusia eduki hori herriko hiru ikastetxeetan erabiltzea da, eta ikastetxeekin elkarlanean garatuko dute proiektua.

Herriko historiaren eta ondarearen inguruko informazioa hiru liburuxkatan jasoko du Azpeitiko Udalak, eta lan hori Hik Hasik, euskal hezkuntzaren alorrean lan egiten duen erakundeak egingo du. Bertako teknikari Olatx Aranguren azpeitiarra horretan buru-belarri ari da jada.

Gaur, osteguna, arratsaldean proiektua jendaurrean aurkeztuko dute, baina Mari Jose Iturria Hezkuntza zinegotziak ekimenaren berri aldez aurretik eman nahi izan dio Urola Kostako Hitza-ri: "XXI. mende honetan, udalak bere ohiko funtzioez gain hezkuntzako eragilea ere izan behar du. Azpeitiko historiari buruz lan asko daude argitaratuta, eta horiek oinarri hartuta haurrentzako materiala prestatzea erabaki dugu", azaldu du.

"Euskal curriculumaren barruan, herri curriculuma landu" nahi dute proiektu honekin. Lana ez dute hutsetik hasi, ordea. Errenterian eta Ordizian antzeko proiektuak martxan dira, eta Errenteriakoa ere Hik Hasik zuzendu du. Azpeitikoari dagokionez, Arangurenek azaldu du jada idatzita dagoen materiala aztertzen ari dela momentu honetan: "Lehenengo liburuxkari dagokionez, oraingoz bizkarrezurra daukat, zirriborro antzerako bat zein eduki sartuko ditudan zehaztuz. Orokorrean herrian eta bailaran ditugun lehen bizitza aztarnetatik hasi eta Erdi Aro amaierainoko tartea landuko da (XV. mende bukaeraraino)". Oraingoz taldeekin eta ikastetxeekin elkarlanean "hasi besterik ez" dela egin zehaztu du Arangurenek, baina asmoa da "behin aurkezpena egin ondoren horretan indarrak jartzea". Orain arteko lana "herriko historiari buruz idatzita edo landuta zegoena aztertzea izanda gehienbat". Zentzu horretan, Iturriak Imanol Elias historialari azpeitiarra gogoratu du: "Bereziki hark egindako lana aitortu behar da, bere lanaren ondorena baita hau". Eliasek udalaren proiektua "poz handiz" hartu duela esan du Iturriak: "Aurkezpenera gonbidatuta dago, hemen egotea nahi dugu eta baiezkoa emanda dago. Ilusioarekin hartu zuen gure proiektua, gustatu egin zitzaion gure ideia", gaineratu du.

Elkarlana ardatz

Historia ikusteko eta kontatzeko modu bat baino gehiago dagoenez, "ikastetxeekin elkarlanean" garatu nahi du edukia udalak. "Planteamendua pasatu zaie ikastetxeei, eta haiekin adostuko dira edukiak", adierazi du Hezkuntza zinegotziak. "Garbi dagoena da horrelako proiektu bat bizia izatea nahi badugu eta proiektu honetan sinestea nahi badugu, denon artean egindakoa izan behar duela. Eta denon artean esan nahi du, ematen ditugun urratsak ikastetxeekin harremanetan emango ditugula, eta ematen den edukia nolabait ikastetxeekin adostua izango dela".

Iturriak argi utzi nahi izan du, bestalde, ikastetxeek gaur egun ere lantzen dutela herriko historia: "Momentu honetan eskoletan lan asko egiten ari da; ikastetxe bakoitza ari da hau lantzen, baina nahiko genuke denon artean adostutako zerbait izatea, elkarlanean egindakoa. Udala izango da lidergoa eramango duena, hau bultzatuko duena, baina denen arteko elkarlanarekin, eta denen arteko elkarlana esaten dugunean, ez gara eskolez bakarrik ari. Azpeitiko helduentzako eskola eta hezkuntza komunitateko beste gune batzuk ere aipatu behar ditugu; haurrez gain pertsona nagusietaz ere ari gara".

"Erabiliko den materiala jada sortuta dago", eta Iturriaren ustez liburuxketan ez da gatazkarik eragin dezakeen gairik egongo. Liburuxketako informazioa "oinarrizkoa" da, "ikerlariek atera beharrekoa atera dute jada. Gu lan pedagogikoa egiten ari gara, ikerketa baino gehiago". Hala ere, herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, baita herriko elkarteek ere. "Lehendabiziko unitatea lantzen ari gara momentu honetan, eta besteak beste Antxieta arkeologi taldearekin harremanetan jarri gara", azaldu du Iturriak. Herritarren batek interes bereziren bat balu ekimenean parte hartzeko, udaletxean Iturriagatik galdetu besterik ez du. Izan ere, bilera zabalik ez dute egingo herritarrekin. Lan talde bat badago, ordea, eta Iturria ari da hori koordinatzen, udaleko Hezkuntza taldearekin batera.

Datorren ikasturterako prest

Lehenengo unitate didaktikoa datorren ikasturte hasierarako prest izatea da helburua; 2013-2014 ikasturterako, hain zuzen ere. Beste unitateak urtebete geroago jarriko lituzkete ikasleen eskura.

Azpeitiko Udalak urte erdia darama Hik Hasirekin zuzenean lanean. Lehendabiziko urratsak, berriz, lehenagotik datoz. "2011ko Gabonetarako jada ari ginen honetaz informazioa jasotzen eta lantzen. Momentu honetan lanean ari gara, lanean ari da HikHasi eta Azpeitiko Udaleko zinegotziak eta beste hainbat pertsona proiektu hau aurrera ateratzeko".

Hik Hasirekin harremanetan jarri ondoren, udalak ikastetxeei zer asmo zituen azaldu zien: "Bi bilera egin ditugu, eta Azpeitiko ikastetxeek aho batez onartu dute egiten ari garena, gustura hartu dute. Egiten ari garen lan hau aurkeztu zaio beste zenbait teknikariri ere, eta denek ondo ikusi dute, interesgarri".

Lehen Hezkuntza hiru ziklotan banatuta dago, eta liburuxka bakoitza ziklo batean erabiliko dute. Datorren irailean prest izango dute lehenengo liburuxka, aurreneko zikloko ikasleentzat; 6-7 urte dituztenentzat, alegia. "Irakurtzen orduantxe hasten dira, eta horregatik lehendabizikoa testu gutxi eta argazki askokoa izango da". Bigarren unitatea, Aro Berritik Aro Garaikidera (XVI-XVIII) arteko denbora tartea bilduko duena, 9-10 urte artekoentzat izango da. "Ikasleak hirugarren mailan ikasten du ondo irakurtzen, bigarren zikloan, eta hor konplexutasun pixka bat joango da". Eta, azkeneko unitatea, 11-12 urteko gaztetxoei zabalduko diete. XIX, XX eta XXI. mendeko Azpeitia izango dute ardatz azken horiek. "Azkeneko liburuxkak DBHrako ere balio dezakeela uste dugu, baita etorkinentzat ere, hemengo historiaren eta kulturaren berri izan dezaten".

Hiru unitate didaktiko horiek paper formatuan kaleratuko ditu udalak. Hainbat osagarri eskuragarri jartzeko asmoa ere badu, baina hori aurrekontuari lotuta egongo da zuzenean: "Guk nahiko genuke hau guztia urte bateko aurrekontuetan sartzea, baina ez dakigu datorren urtean zenbat diru izango dugun, eta argi ikusten dugu produktu honek kostu bat duela, eta konplexutasun bat baduela. Diruaren arabera, konplexuago edo sinpleago izango da proiektua". Osagarriei dagokienez, gida didaktiko bat osatzea da helburuetako bat. Hau da, liburu bakoitzak bere gida izango luke sarean, osagarri gisara "gehiago sakondu nahi duenarentzat". Iturriarentzat "interesgarria da Azpeitiko ondareaz gure haurrek ikastea, baina baita beraien gurasoek ere".

Espainiako Hezkuntza Ministerioak hezkuntzako edukiei buruzko kuota handitu nahi du, Madrilek kontrol handiagoa izateko autonomietan. Asmoa aurrera ateratzen bada, horrek proiektu honi eragingo al dion galdetu zaio Iturriari: "Galdera ona da. Nik uste dut orokorki euskal curriculumari kalte egin diezaiokeela. Bestetik, liburuxka hauek lotuta egongo dira legalki eman beharreko edukien barruan. Izan ere, maila bakoitzean badaude guneak hitz egiteko bai norbere eskualdeari buruz, bai bere herriari buruz. Eta material hau testuinguru hori osatzeko da, neurri batean. Ez dugu curriculumetik kanpoko zerbait egiteko asmoa".

Ekimenaren aurkezpena eta liburuxken edukiaren proposamena

Aurkezpena

  • Eguna: Urriaren 4a, osteguna.
  • Ordua: 19:00etan.
  • Tokia: Sanagustin kulturgunea.
  • Parte-hartzaileak: Besteak beste, Mari Jose Iturria Azpeitiko Udaleko Hezkuntza batzordeburua izango da aurkezpenean.
  • Gonbidatuak: ImanolElias historialaria; Juantxo Madariaga (700. urteurrenekoliburuen koordinatzailea);Azpeitiko Ikastola KarmeloEtxegarai; Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba; Iraurgi Ikastetxea; Azpeitiko Helduentzako Eskola; eta Hezkuntza komunitateko beste hainbat partaide.

Lehenengo unitatea

  • Norentzat. Lehen Hezkuntzako 1. ziklorako.
  • Garaia. Historiaurretik Erdi Aro amaieraraino (k.a. 2500 urte ingurutik k.o. XV. mende ingururaino).
  • Gai nagusia. Mendi inguruan bizitzetik ibaiaren ertzean kokatu eta nola joan den herria egituratzen (erdigune historikoa).
  • Azpigaiak.

         - Munoaundi Burdin Aroko herrixka.

         - Herriaren sorrera. Hiribildu izaera eta ezaugarriak: garai hartako bizimodua, lanbideak...

         - Garai hartako herria eta gaur egungoa: planoen bidez alderatu.

         - Kale izendegia, auzoak...

         - Ondare historikoa: etxeen izenak...

         - Pribilegiatuak eta ez pribilegiatuak.

         - Ahaide Nagusien borrokak.

         - Elizak izandako garrantzia.

         - Emakumearen garrantzia euskal gizartean.

         - Zenbait pertsonaia ikastaro.

         - Azoka: sorrera, historia. Nola aldatu den ikusi. Pasadizoak. Bertso edo kopla zaharrak.

         - Herria sortu eta sendotzerakoan ingurune geografikoak izandako garrantzia (ibaia, mendia, basoak...).

         - Komunikabideak, merkataritza eta garraioa.

Bigarren unitatea

  • Norentzat. Lehen Hezkuntzako bigarren ziklorako.
  • Garaia. Aro Berritik Aro Garaikidera (XVI. mendetik XVIII. mendera).
  • Ga inagusia. Azpeitia bizi-bizirik.
  • Azpigaiak.

         - Industria eta Merkataritza.

         - Azpeitiarrak Indietan.

         -Lihoaren lanketa.

         - Burdinolak.

         - Ikazkinak.

         - Antxieta musikaria.

         - Inazio Loiolakoa eta Jesuiten Konpainia.

         - Arte adierazpenak Azpeitian.

         - Loiolako Basilikaren eraikuntza.

         - Azpeitia eskualde buru (Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitza).

         - Ilustrazioa.

         - 1766ko Gariaren Matxinada.

         - Frantziako Iraultzaren eragina herrian.

         - Karlistadak.

Hirugarren unitatea

  • Norentzat. Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklorako prestatutako liburuxka.
  • Garaia. XIX., XX., eta XXI. mendeetako Azpeitia.
  • Gai nagusia. Haurra eta bere ingurua herriko partaide. Antzinako Azpeititik Azpeitia berrira; ingurumenak eta herriak mende horietan izan zuen eraldaketa.
  • Azpigaiak.

         - Elkarte egitura eta administrazio egitura. Elkarteen sorrera: elkarte gastronomikoak, kultur elkarteak, kirol elkarteak.

         - Eskola: behar berriak, lan berriak (ofizioak ikasteko akademiak).

         - Kultura: festak, ohiturak, kantak...

         - Kirola eta jolasak.

         - Migrazioa gaur egun: etorkinak...

         -Toponimia eta pertsonaia historikoak.

         - Transmisioaren garrantzia: aitona-amonak eta umeak harremanetan (XX. mendeko historia hurbila).

         - 1893ko Lore Jokoak Azpeitian (euskal berpizkundea).

         - Nolako herria nahi zenuke? Ikuspegi kritikoa.

         - Gure paisaia nola aldatu eta handitu den ikusi eta horretan industriak eta komunikabideek iza nduten eragina aztertu.

         - Ibaiaren kokapena eta bere eragina.

         - Komunikabideak: trena, errepide nagusia...

         - Industria: burdina, altzariak, zestoak, organoak...(langileen eguneroko bizimodua).

         - Biztanleria: hazkundea, migrazioa...

         - Auzoen sorrera.

         - Lanbide berrien sorrera eta zerbitzuak.

         - Gure baserriak, baso, belardi eta parkeak. Izarraitz eta artzaintza...

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide