Baserritarren Egun jendetsua atzokoa

Plaza jendez leporaino bete zen eguerdi partean.

Eguerdi partean plaza jendez bete zen. Sagardo, gazta eta ganadu lehiaketak izan ziren, eta hainbat sari banatu zituzten hiruretan. Cesar Valverderen oroimenezko pilota txapelketaren finalak ere jokatu ziren goiz partean.

Atzo, uztailaren 22a,, Baserritarren Eguna ospatu zen herrian. Eguraldia lagun jendetza elkartu zen plazan. XL. Sagardo Txapelketa egin zuten 12:00etan hasita, eta Adunako Aburuza nagusitu zen 132 puntu lortuta. Bigarren saria, Alorreneak eskuratu zuen 131 punturekin eta, hirugarrena Irungo Ola izan zen, hori ere 131 puntu eskuratuta; Olak Azpeitiko txapelketan parte hartzen zuen lehenengo aldia zen, gainera. Herritarren saria, berriz, Petritegirentzat izan zen.

Gazta lehiaketa Ricardo Remiro nafarrak irabazi zuen. Jon Etxeberria bizkaitarra izan zen bigarrena eta Azkarra arabarra hirugarrena. Guztira, 22 gaztagile lehiatu ziren; Gipuzkoa, Araba, Bizkai eta Nafarroakoak.

Ganadu lehiaketari dagokionez, ukuilurik onenaren saria, Orioko Longa baserriko Jose Angel Zendoiak eskuratu zuen. Idiskorik onena Angel Arriolaren Don Juan izan zen. Behirik onena, berriz, Azpeitiko Eizmendi baserriko Lucia Orbegozoren Ane izendatu zuten. Intseminazioz sortutako behirik onenaren saria ere Lucia Orbegozok jaso zuen, Ane behiari esker.

Pilota txapelketa

Atzo goizean jokatu zen Frontoi Txikin Ilunpe Pilota Elkartearen XXVIII. Pilota Txapelketa, Cesar Valverde Saria, hain zuzen. Hainbat partida izan ziren ikusgai. Lehenengo urteko prebenjaminetan Muñozek 18 eta 13 irabazi zion Errastiri. Bigarren urtekoetan, aldiz, Alonsok 7 eta Letamendiak 18 tanto egin zituzten. Benjaminetan Elosegi nagusitu zen 18 eta 11 irabazita Egigureni. Alebinetan, Garatek eta Peñak Gurrutxaga eta Aranbarriren kontra jokatu zuten, eta 18 eta 10 bukatu zen partida. Infantiletan, berriz, Egiguren eta Iriarte aritu ziren nor baino nor eta 15 eta 18 egin zuten.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide