Bilduren agintaldiko lehen urtearen "balantze etsigarria" egin dute EAJren zinegotziek

Uztarria.eus 2012ko uzt. 13a, 22:17
Ezkerretik eskubira, Aitor Gorrotxategi, Jesus LarraƱaga, Onintza Etxeberria eta Itziar Lasa.

"Krisian murgilduta, Azpeitia txosna handi bat bihurtu dute", diote jeltzaleek. "Edukirik gabeko urtea" izan dela uste dute, "galdutako urtea". Egungo udal agintaldiaren balantzea eta udal gobernuari egiten dioten kritika jasotzen duen argitalpena gaur, ostirala, hasi dira etxez etxe banatzen.

"Hitzak, argazkiak eta festak, eta ez lana, eta ez konponbidea". Hitz horiekin laburbildu du Jesus Larrañaga bozeramaile jeltzaleak Bilduk udal gobernuan egin duen aurreneko urtea. Larrañaga bera, Aitor Gorrotxategi, Onintza Etxeberria eta Itziar Lasa, EAJk dituen bost zinegotzietatik lauk -Nerea Aldai falta zen-, egungo udal agintaldiaren lehen urtearen balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman dute. Bide batez, "balantze etsigarria" jasotzen duen argitalpena aurkeztu dute; gaur, ostirala, hasi dira etxez etxe banatzen.

Aipatutako argitalpenean agertzen den esaldietako bat erabiliz, "krisian murgilduta, Azpeitia txosna handi bat bihurtu dute", esan zuen Larrañagak. EAJren zinegotzien kritikaren ardatzetako bat hori da, izan ere. Jeltzaleen ustez, Bilduren agintaldiko aurreneko hori "edukirik gabeko urtea" izan da, "zentzuzko gauza bat, mamia duena, ez da egon". "Galdutako urtea" izan da, EAJren aburuz, eta udal gobernuak festak eta parranda sustatu eta baliatu dituela iritzi diote, "beraien eraginkortasun eza tapatzeko".

Komunikabideak, gobernuaren "taldeetakoak" eta alkatea

Bilduri zuzendutako kritikan komunikabideak ere tartean sartu dituzte EAJren zinegotziek: "Zaborraz hizketan, komunikabideak kontrolatuz eta manipulatuz, Azpeitia mugitzen ari den itxura emateko, itxura hutsa". "Kritika ezarekin harrituta" daudela diote. "Hau Barrio Sesamo da, dena ondo doa eta polita da".

Beraien ustez, ordea, "Udalak funtzionatu badu, udal langileen inplikazioagatik izan da". Bilduk Azpeitiaren etorkizuna diseinatzeko edota planifikatzeko proiekturik ez duela aurkeztu uste dute eta horrekin "oso kezkatuta" azaldu dira. Udal barruko funtzionamenduari dagokionez, kexu azaldu dira, beste behin, "batzorde gutxi" daudelako eta "ez dutelako funtzionatzen"; Aitor Gorrotxategik esan zuenez, "Kultura batzordeak, adibidez, aurten hiru bilera besterik ez ditu egin".

Udal gobernua "bere taldeetakoak gustura egoten" ahalegindu dela ere esan dute prentsaurrekoan EAJren zinegotziek. Eta puntu horretan, Sanagustin kulturguneari egin diote aipamena: "Sanagustini 27.000 euro eman dizkio Udalak sei hilabetean, Udalari dirurik ez kostatzeko subkontratatu zenean".

Azkenik, Eneko Etxeberria alkatearen jarrera kritikatu dute: EAJren zinegotziekiko, batetik ("batzordeetan behin baino gehiagotan esan digu gure beharrik ez dutela, gehiengo osoa dutelako", dio Larrañagak), eta hainbat gairen aurrean azaldu duena, bestetik. Jeltzaleentzat, "urtebete pasatu da eta bere (alkatearen) iritziak ez ditugu ezagutzen". Etxeberriari "gai estrategikoetan dimititu" izana egotzi diote eta Udalean "beste pertsona batzuk agintzen" dutela bota dute EAJko ordezkariek.