Atez atekoaren kontrako eta bosgarren edukiontziaren aldeko sinadura bilketari ekingo diote Azpeitian

Azpeitiko eta Azkoitiko Uri Buru Batzarreko kideak gaur, ostirala, egin duten agerraldian.

Azpeitiko eta Azkoitiko EAJren ekimenez, bihar hasiko dute sinadura bilketa Azpeitian. Bi herrietako EAJko Uri Buru Batzarreko ordezkariek gaur, ostirala, egindako agerraldian adierazi dutenez, sinadura bilketa "ez da ekimen partidista": "Nahiz eta ekimena martxan alderdi batek jarri duen alderdi eta sentsibilitate guztietako jendeari egin nahi diogu gonbidapena".

Azpeitiko eta Azkoitiko EAJren ekimenez, atez ateko zabor bilketaren eta bosgarren edukiontziaren aldeko sinadura bilketari ekingo diote datozen egunetan, "hemen ez da-eta plataformarik sortu". Hala adierazi dute bi herrietako EAJko Uri Buru Batzarreko ordezkariek gaur, ostirala, egindako agerraldian. Sinadura bilketa "ez da ekimen partidista" esan dute: "Nahiz eta ekimena martxan alderdi batek jarri duen alderdi eta sentsibilitate guztietako jendeari egin nahi diogu gonbidapena". Atez atekoa "ez da egokia gure herriarentzat", eta "inposaketa da", gaineratu dute.

Azpeitiko eta Azkoitiko Uri Buru Batzarreko ordezkariek salatu dutenez, "Azpeitiko herrian ez da argi eta garbi zabor-bilketa horren alde egin, eta Udal gobernuan dabiltzanek hitz leunagoak erabiltzen dituzte; "sistema hobetu egin beharko dugu" eta antzekoaz erabiliz herritarrak nahasteko". "Beharrezkoa denean, ordea, hor agertzen dira herriko alkatea eta hainbat zinegotzi, Bilduk eta Foru Aldundiak zaborrentzat dituzten planak babesten".

Batzuek esan dute "bazter guztiak zabortegiz bete eta dena erraustu nahi dugula, baina ahal den hondakin gutxiena sortu eta murriztu, berrerabili eta birziklatzearen alde gaude". Errausteari dagokionez, "beharrezkoa denean eta ahalik eta modu egokiena erabilitzearen alde" daudela, adierazi dute.

Azpeitian sinadura bilketaren kanpaina asteburu honetan hasiko dute, eta uztailean jarraitu egingo du. Gero, oporrak direla-eta, irailean ekingo diote berriro sinadurak biltzeari. EAJkoek adierazi dutenez, "orduan, irailean, Azkoitiarrak sartuko dira kanpainara". Horren bidez "gure herriak ere ez duela inposatutako sistema bat, atez atekoa, nahi", erakutsiko dutela esan dute. Herritarrek heuren "sinadura emanaz babesa emateko" eskatu diote.

Sinadurak biltzeko postuak

Azpeitian astebukaera honetan hasiko dira sinadurak biltzen. Azaldu dutenez, zapatuan eta igandean jarriko dituzte postuak plazan, Jose Artetxe kalean (Juantxo Txiki, Ametsa eta Pastorkua taberna inguruetan), Sanjuandegin (Baigera elkartearen inguruan) eta Urrestillan. Zehazteko dituzte ordutegiak, baina eguerdi partean jartzea aurreikusten dute.  

Irailean bildutako sinadurekin-eta hausnarketa egingo dute, eta orduan erabakiko dute nola jarraitu sinadura bilketarekin.

 

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide