Hondakinen gaiaren inguruan parte hartzen ari direnen inguruko gogoeta egin du AZZ-k

Uztarria.eus 2012ko uzt. 3a, 14:21
Azpeitia Zero Zaborreko kideak.

Azpeitia Zero Zaborrekoek esan dutenez, "argi ikusi dugu herritarrak izan direla hondakinen inguruko eztabaidan heldutasunez eta arduraz parte hartu duten bakarrak".

Azpeitia Zero Zabor taldeko kideek prentsaurrekoa eman zuten atzo, astelehena, "hondakinen gaiaren inguruan parte hartzen ari direnen gaineko gogoeta xumea egiteko". Azken hilabeteetan gaiak "hautsak harrotu ditu eta argi dago batetik eta bestetik gauza mugitzen ari direla", esan dute.

AZZkoek jakinarazi dutenez, "argi ikusi dugu herritarrak izan direla hondakinen inguruko eztabaidan heldutasunez eta arduraz parte hartu duten bakarrak". Haien ustez, "horren lekuko da hondakin organikoak bereizita jasotzen dituzten herritarren kopuruak izan duen gorakada edo autokonpost ikastaroetara gerturatu den jende guztia". Ildo beretik, "txalotzekoa da" arrandegi batzuetan tupperwareen erabilera bultzatzen hasi izana.

Politikarien artean "bi jarrera nagusi ikusi" dituztela esan dute. Oposizioaren helburua, "beste ezeren gainetik errauskailua egitea da", adierazi dute. Gainera, "bosgarren edukiontzia "bultzatzen jarraitzen du", gaika ez biltzeko eskubidea herritarren esku utziz. Horrek, gaur egungo birziklatzeko tasetan "aldaketa handirik ez" duela ekartzen ere esan dute. AZZkoen ustez, "oposizioari ez zaio axola egungo zabortegien herentzia zuzena izango den errauskailua beste herri batean eraikitzea".

Udal gobernuari dagokionean, zero zabor politika ahotan ibili arren, "bide horretan urrats sendorik ez ematea" leporatu diote: "Ez du zero zabor estrategia serio sakontzeko alternatiba zehatzik jarri mahai gainean". Joan den astean Udal gobernuak hondakinen bilketa-sistemak aztertzen ari zela esan izanaren harira, "guk nahi adinako zehaztasunik ez dute eman", esan dute: "Badirudi benetako alternatiba den atez-ateko bilketa-sistemaren aldeko posizioa hartzeko beldur dela".

Azpeitia Zero Zaborrek dioenez, "proiektu honetan sinesten duen politikariei, herritarrek erakutsi duten heldutasun bera erakusteko eskatzen diegu, beldurrik gabe zero zabor estrategian sakontzeko beharreko pausoak emanez"