Txetxu Urbieta da Euskadi Irratiko kirol saileko zuzendari berria

Berria.info 2012ko eka. 27a, 20:55

Kristina Zoritaren lekukoa hartu du. 1990etik dago euskarazko irrati publikoan.

Txetxu Urbieta.

 

Euskadi Irratiko kirol sailak zuzendari berria du, Berria-k jakin duenez: Txetxu Urbieta (Azpeitia, 1968). Orain arte Kristina Zorita zegoen karguan, baita albistegietakoan ere, eta hemendik aurrera berrietako ardura baino ez du izango. Zoritaren aurretik Iñaki Elortza izan zen kirol saileko burua euskarazko irratu publikoan.

Urbietak Kazetaritza ikasi zuen EHUn, eta Euskadi Irratian 1990ean hasi zen, bekadun. Hiru Erregeen Mahaia kirol magazinaren arduradunetakoa izan da urteetan; 2006an EITBren Iparragirre saria irabazi zuen saio horregatik.

“Hasieran futbolari izan nahi nuen, baina segituan konturatu nintzen ezinezkoa zela ni futbolari izatea. Irratia betitik gustatu izan zait. Beraz, nire gustuko bi gauzak elkartzea lortu dut: kazetaritza eta kirola”, zioen Urbietak 2007an Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian, Euskadi Irratiak 25 urte bete zituenean.