Hondakinak biltzeko sistema desberdinak aztertzen ari da Udal gobernua

Uztarria.eus 2012ko eka. 27a, 15:27
Mikel Ibarzabal, Leire Etxaniz eta Ainhoa Beristain prentsaurrekoaren ostean.

Zapatuan, hilak 30, Lapatxen ate irekiak egingo dituzte. Bertan, hondakinen tratamendua nola egiten den ikusi ahal izango da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu berri duen hondakinen kudeaketarako planaren berri emango du Juan Karlos Alduntzin diputatuak. 

"Udalbatzak horrela onartuta, hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzearen alde egin behar da eta egungo birziklapen tasak hobetzeko sistema landu beharra nabarmendu da", esan du Leire Etxaniz zinegotziak gaur, asteazkena, emandako prentsaurrekoan. Azpeitiko udal gobernuak "ez du gaikako sistema desberdinen inguruko erabaki zehatzik hartu eta bilketa sistema desberdinak aztertzen ari gara", adierazi du.

Udaletxean ordezkaritza duten alderdi guztiek esandakoaren harira, "gaia patxadaz hausnartu behar delako, hondakinen bilketa sistema berriaren oinarriak adosteko, udaleko Ingurumen Batzordean abiatuko da irailean eztabaida". "Han adostasuna bilatu edo bilatzen saiatu ondoren, herritarrei eta eragileei luzatuko zaie proposamena". Etxanizek azaldu duenez, "Ingurumen Batzordean udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartuko dugu, eta alderdi guztien artean modu eraikitzailean lan egiteko beharra azpimarratu nahi da. Hala, azpeitiarrentzat hainbat ereduren artean egokiena zein den zehazteko". Gainera, mankomunitatea osatzen duten zazpi herrietarako bilketa sistemen inguruko bideragarritasun planak uztail erdi alderako egingo dituztela jakinarazi du Etxanizek.

Lapatxen ate irekiak

Etxanizen adirazi du, "prozesua gardena izan dadin, Azpeitiko Udal gobernua informazioa ematen saiatuko" dela. Hori dela-eta, "hondakinen inguruko batzarretan herritarrek egindako eskariei erantzunez", datorren zapatuan, hilak 30, Lapatxen ate irekiak egingo dituzte. Bertan, hondakinen tratamendua nola egiten den ikusi ahal izango da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu berri duen hondakinen kudeaketarako planaren berri emango du Juan Karlos Alduntzin diputatuak. 

10:30ean abiatuko da autobusa anbulatorio aurretik Lapatxera, eta 12:30ean izango da itzulerako autobusa. Nahi duten herritarrek hartu dezakete parte ate irekietan, eta Etxanizek "saioan parte hartzera gonbidatu" ditu herritarrak.