Mantangorria hasi da festarako prestatzen

Uztarria.eus 2012ko mai. 29a, 12:49
Sanjuandegiko Festa Batzordeko kideek prentsaurrekoa eman zuten ostiralean.

Ofizialki ostiralean hasiko dira festak, baina gaurtik hasita hainbat ekimen izango da Sanjuandegin. Gaur, asteartea, Idiazabalgo txiste kontalarien saioa izango da Garoa tabernan, 22:00etan hasita.

Festa giroa nagusitzen hasi da Sanjuandegin, eta amona mantangorriren etorrera prestatzen ere hasita daude Azpeitiko auzoan. Festak ofizialki ostiralean hasiko badira ere, ordura bitartean hainbat ekitaldi antolatu dute Sanjuandegiko auzo elkartekoek.

Joan den ostiralean, berriz, festak antolatzen dabiltzanek egitaraua aurkezteko agerraldia egin zuten, eta gaurtik, asteartea, hasi eta ekainaren 10a bitartean izango diren ekimenen berri eman zuten. Gaur, Idiazabalgo txiste kontalarien saioa izango da, 22:00etan hasita, Garoa tabernan. Bihar, asteazkena, bertso afaria egingo dute Baigera II-n, eta Julio Soto zein Sebastian Lizaso arituko dira kantuan. Ostegunean, berriz, mus txapelketa azkarra jokatuko da Ongi Etorri tabernan, 22:00etan hasita. Gainera, ostegunean bertan Umeen Barraka Eguna izango da, eta 17:00etatik 21:00etara barraketako buelta bakoitzeko euroa ordaindu beharko da.

Bestalde, astebururako antolatutako afari eta bazkarietarako txartelak salgai daudela ere esan zuten. Txartelak Niza, Izaro, Jim Clark eta Orkatz tabernetan, Baigera II elkartean eta Sanjuandegiko Iluntze auzo lokalean erosi daitezke.

Festetan ahalik eta hondakin gutxien sortzeko ahalegina egingo dutela azaldu dute: "Zero Zabor herri ekimenarekin bat eginez edalontzi berrerabilgarriak erabiliko ditugu". Horrez gain, festa giroa sustatzeko maindireak, kamisetak eta zapiak jarri dituzte salgai.

Bai auzotarrak eta baita gainontzeko herritarrak ere festez gozatzera eta parte hartzera animatu dituzte.

Sanjuandegiko festa egitaraua:


Maiatzak 29, gaur.

22:00. Idiazabalgo txiste kontalariak, Garoa tabernan.

Maiatzak 30, bihar.

20:30. Xebaxtian Lizaso eta Julio Sotorekin bertso-afaria, Baigera II-n.

Maiatzak 31, etzi.

21:00. Mus txapelketa azkarra, Ongi Etorri erretegian. Izena ematea 21:00etatik 22:00etara izango da. Bikoteko 30 euro. Irabazleek 600 euro, txapelak eta garaikurra jasoko dituzte; bigarrengoek, 400 euro eta garaikurra; hirugarrengoek, 250 euro; eta, laugarrengoek, 150 euro.

21:00. Mozorro gaua, Garoa eta Jim Clark tabernetan.

Ekainak 1, ostirala.

18:30. Irekiera luntxa, Iluntze auzo lokalean.

19:30. Amona Mantangorriren jaitsiera, umeen koreografiarekin lagunduta.

19:35. Erraldoi eta buruhandiak Juan Antxieta musika eskolako haurrek lagunduta.

21:00. Gazte afaria.

23:00. Aretoko dantzen erakustaldia Jose Mari Orbegozorekin.

23:00. Kontzertuak, karpan: Belar Txarrak, Arkada Social eta Laket.

Goizaldean, baratxuri-zopa jana eta barruko arropetan lasterketa.

Ekainak 2, larunbata.

10:00. Judo erakustaldia, Kimura judo klubekoak, igerilekuan.

12:00. Haur jolasak, Jose Antonio Agirre plazan.

12:30. Triki-pintxo-poteoa.

13:30. Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua.

15:00. Auzo bazkaria.

16:30. Juan Antxieta musika eskolako haurren kontzertua.

18:00. Txokolate-jana.

18:30. Erraldoi eta buruhandiak, Skandalue elektro-txarangak lagunduta.

21:00. Solomo erreketa eta afaria.

22:30. Txalaparta eta flamenkoaren fusioa.

00:00. Kontzertuak: Zea Mays eta MP5.

Ondoren,  Referee disko-jartzailea, karpan.

Ekainak 3, igandea.

06:00. Txokolate-jana.

07:00. Sokamuturra.

09:00. Salda eta hamaiketakoa.

12:00. Dantzari txikien emanaldia.

16:30. Haurrentzako poni eta zezenak.

18:30. Herri kirolak, Ainhoa Alberdiren estreineko plazaratzea.

20:00. Amona mantangorriren igoera.

Ekainak 10, igandea.

11:00. Haurren eskolarteko V. krosa.