Gipuzkoako Foru Aldundiak ildo estrategikoak aurkeztu ditu Azpeitian

Uztarria.eus 2012ko mai. 29a, 12:20
Arantza Ruiz Larrinaga, Larraitz Ugarte eta Idoia Ormazabal, atzo, Sanagustinen

Egitasmo nagusien berri emateko aurreneko bilera horren ondoren, gizarte politikan, mugikortasunean, hondakinen kudeaketan eta garapen ekonomikoan eta fiskalitatean eskualde mailako ekintzak proposatzeko aukera izango dute herritarrek, horretarako eratu nahi diren lau lantaldeetan parte hartuz. Ekainaren 11n izango da bigarren bilera hori.

Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea eta Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua; Arantza Ruiz Larrinaga, Parte-hartze arloko zuzendaria; eta Idoia Ormazabal, Bilduren Gipuzkoako batzarkidea, izan ziren atzo, astelehena, Sanagustinen, Diputazioak bere jardueraren ildo estrategikoak herritarrei aurkezteko antolatu dituen bileren aurreneko jardunaldian. Azpeitikoaz gain, atzo bertan Donostian ere beste aurkezpen bat egin zuten, eta datozen egunetan tankera bereko beste zortzi saio egingo dituzte, beste horrenbeste herritan.

Eskualdez eskualde herritarren proposamenak jaso eta, ondoren, 2013rako foru aurrekontuak lantzeko prozesua da Foru Aldundiak abian jarri duena, Gipuzkoa Berria. Hain zuzen ere, aurreneko bilera horretan agintaldirako ildo estrategiko nagusiak aurkeztu ondoren, herritarren parte-hartzea eta ekarpenak sustatu nahi dituzte foru agintariek. Lau arlo nagusi proposatu dituzte eskualde mailakoak izango diren ekarpen eta lehentasun horiek jaso, landu eta eztabaidatzeko: gizarte politika, mugikortasuna, hondakinen kudeaketa, eta garapen ekonomikoa eta fiskalitatea. Herritarren ekarpenak plazaratzeko beste bilera bat egingo dute; ekainaren 11n izango da, Sanagustinen, 19:00etatik 21:00etara. Orduan, arlo bakoitzeko gaietan sakontzeko eta ekintzak proposatzeko lantalde bana eratuko dute.

Prozesu parte-hartzaile honen gaineko informazioa eta gobernu programa www.gipuzkoaberri.net atarian daude. Foru arduradunekin harremanetan jarri edota ekarpenak egin nahi dituenak, berriz, herritarrekin@gipuzkoa.net e-posta helbidera idatzi dezake.