Zaher ISB eta Sein Neskak ISB Espainiako Txapelketarako prest

Zaher eta Sein Neskak taldeetako jokalari eta entrenatzaileak, elkarrekin.

Datorren igandean hasi eta ekainaren 2a bitartean Espainiako kluben arteko dadete mailako txapelketak jokatuko dira eta bertan parte hartuko dute ISBko bi taldek: Grupo Zaher ISB mutiletan eta Sein Neskak ISB nesketan. Mutilek Marinera, Galiziara, jo beharko dute; neskek berriz Barbastrora, Huescara. Guztiak ere esperientzia berezi honetaz gozatzeko asmoz eta txapelketan ahalik eta urrunen heltzeko gogoarekin

Sein Neskak-en kasuan, larunbat goizean Udaberri Torneoko partida jokatu eta gero, Barbastro aldera joko dute. "Hainbat gurasorekin egingo dugu bidaia kotxeetan, hotela Monzonen hartu dugu eta gero Barbastrora joan ahal izateko gurasoak gure bila etorriko dira egunero", zioen Aritz Aldalurrek. Entrenatzaileendako lehen esperientzia da horrelako txapelketa batean, "baina taldeko jokalari erdiek baino gehiagok jokatu izan dute horrelako txapelketa bat infantil mailan, eta gainera selekzioetan parte hartzen duten jokalariak ere baditugu gure artean". Hori dela eta helburu garbi bat dute, ahalik eta lehiakorrenak izatea eta gutxienez lehen fasea gainditu ahal izatea, baina garbi dute baita txapelketa hau egindako denboraldi onari ginda jartzea dela; "sari bat da", dio Beñat Aldalur bigarren entrenatzaileak. Lehen fase honetan izango dituten kontrarioak aztertzeko aukera handiegirik ez dute eduki, izan ere informazioa jasotzea ez da batere erraza. "Webguneetan saiatu gera zerbait aurkitzen, bideoren bat edo beste ikusi ahal izan dugu Interneten eta selekzioetatik ezagutzen dituzten jokalariei buruzko informazioa bakarrik daukagu". Horregatik, irabazteko faborito bat ematea ez zaie erraza egiten: "Gu eta Gernika", diote barre artean. Serio jarrita jada, Kanarietako taldeak eta euren multzoan dagoen Sant Adría uste dute direla finalera iristeko aukera gehien dituzten taldeak.

Grupo Zaher ISBko taldekideentzat ere oso berezia izango da datorren astea. Neskek ez bezala, autobusean egingo dute bidaia David Rodriguez entrenatzaileak adierazi digunez: "Easo taldearekin batera joango gara larunbatean autobusean, eta buelta ere beraiekin egingo dugu, bi taldeak kanporatuta gelditu eta gero". Zoritxarrez, arazo ezberdinak tarteko talde guztiak ezin izango du joan Marinera, Galiziara, etxean gelditu behar izango baitute batzuek. Haien lekua Epi Kristaldegiko jokalari batzuek hartuko dute eta horrek txapelketarako prestakuntza pixka bat zaildu du. Hala ere, lehiakor izateko gogorik ez zaie falta: "Topikoa dirudi, baina ahalik eta urrunen heldu nahi dugu, gerora inork ez esateko hau egin bagenu edo bestea egin bagenu, daukagun guztia eman eta barruak hustu behar ditugu". David Rodriguezentzat ere ez da erraza izan aurkariei buruzko informazioa topatzea eta Interneten aurkitutakoaz eta "Xabi Orozek bere selekzio kideei buruz emandako iritziak tarteko zerbait atera izan dugu aurrera. Talde madrildarreko jokalariak bikainak dira, Madrilgo bigarren taldea dela kontuan hartu behar baitugu eta beste biak Palentzia eta Asturiasko txapeldunak dira, beraz ez da erraza izango". Hala ere, mutilen txapelketa gehienetan gertatzen den moduan, "Joventut, Bartzelona, Unicaja... talde handietako harrobiko taldeak izango dira Txapelketa irabazteko faboritoak, nire ustez".

Zorte on!! Eta ahalik eta gehien disfrutatu!!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide