Kepa Peñagarikano Kalifornian lehiatuko da

Urola Kostako Hitza 2012ko mai. 24a, 13:05

Aspe enpresako beste hiru pilotarirekin batera izango da AEBtan, ekainaren 5a bitartean.

Kepa Peñagarikano pilotaria atzotik Kalifornian (AEB) dago, Aspe pilota enpresako Aritz Lasa,
Apezetxea eta Arruti pilotariekin. Ekainaren 5ra bitartean ibiliko dira han hainbat pilota partida
jokatuz. Asteburuan Bakersfielden jokatuko dute, eta ekainaren lehen egunetan Las Vegasera joango dira, eta San Franciskoko Euskal Etxean jokatuko dituzte pilota partidak. Pilotari batzuk lehen ere izanak dira han, baina Peñagarikanok aurreneko aldia du.

Urola Kostako Hitza joan bezperan egon zen Peñagarikanorekin, eta ilusioarekin zegoela zioen,
"enpresak urtero antolatzen du bidaia hau, eta aurten niri proposatu didate eta gustura nago.
Ameriketara inoiz ez naiz joan eta ilusioz nago".

Bakersfield larunbatean partida bat jokatuko dute pilotan, "erakustaldi moduko bat", baina
igandean "serio" ariko dira. "Euskal etxean jai handia omen dute eta bazkaldu ostean jokatuko
dugu. Jende asko biltzen omen da bertan eta ikusmin handia izaten omen da",kontatu du. Partida batzuk jokatuko dituzte, baina turismo pixka bat egiteko aukera ere izango dutela dio.

Handik bueltan udako partidetarako prestatu beharko duela dio. "Sanjoanetatik aurrera hasten dira pilota partidak ugaritzen eta hiru hilabetetan partida asko izaten da. Oraindik ez dakit, baina espero dut partida asko jokatzea".