Mikroenpresei zuzendutako zerbitzu katalogoa osatu nahi du Iraurgi Lantzenek

Uztarria.eus 2012ko mai. 18a, 19:38
'Mikroenpresak mugimenduan' proiektuko bileretako bat.

Mikroenpresak mugimenduan proiektuaren bigarren fasean kokatu dute ekimena. "Eskualdeko lehiakortasunean eta enpleguan garrantzitsua izan daitekeen proiektua" dela eta, eskualdeko mikroenpresen parte-hartzea eskatu dute arduradunek.

"Mikroenpresen gaur egungo eta etorkizuneko egoera hobetuko duten irtenbide praktikoak garatu eta, enpresekin batera, Iraurgi Lantzenen mikroenpresei zuzenduriko zerbitzuak diseinatzea" da Azpeitiko eta Azkoitiko garapen agentziak nahi duena.

Bi alditan banatuta egingo dituzte zerbitzu katalogoa osatzeko lanak. Lehendabiziko fasean, eskualdeko mikroenpresak elkarrizketatuko dituzte, haien beharren ezagutu eta finkatzeko. "Bide batez, ekimenean parte hartzen duen enpresa bakoitzak gai hauetan adituak diren profesional batzuengandik bere enpresaren egoerari buruzko ikuspuntu bat izango du". Bigarren fasean, berriz, proiektu zehatzak burutuko dituzte ekimenean parte hartuko duten enpresetan eta proiektu horiek "Iraurgi Lantzenen zerbitzu katalogoa behin betiko definitzeko lagungarri izango dira". "Eskualdeko lehiakortasunean eta enpleguan garrantzitsua izan daitekeen proiektua" dela eta, katalogoa osatu ahal izateko eskualdeko mikroenpresen parte-hartzea eskatu dute arduradunek.

Mikroenpresak mugimenduan

Zerbitzu katalogoaren ekimena Mikroenpresak mugimenduan proiektuaren bigarren fasean kokatu du Iraurgi Lantzenek. Azpeitiko eta Azkoitiko industria eta zerbitzu sektoreetako mikroenpresen lehiakortasuna hobetzea da 2010ean abian jarri zuten proiektu horren helburu nagusia. "Bi urte hauetan eskualdeko enpresa txikienen egoera, etorkizun ildoak eta beharrak sakonki aztertu ditugu. Hala ere, enpresa txikienen gaur egungo egoera hain zaila izanik, mikroenpresa hauei zuzenduriko zerbitzu berri eta konkretu bat diseinatzea beharrezkoa jotzen dugu", esan dute Iraurgi Lantzeneko arduradunek.