Txalintxon hasi eta Xoxoten bukatuko da Mendi Astea

Uztarria.eus 2012ko mai. 18a, 12:51

Asteartean, asteazkenean eta ostegunean proiekzioak izango dira 21:00etan hasita, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan. 

Etzi hasita, igandetik igandera bitartean, mendiarekin lotutako hainbat ekitaldi prestatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak. Etzi Txalintxoko eguna ospatuko dute, han haurrentzako egun osoko egitaraua antolatu dute. Azpeitiko plazatik 09:00etan irtengo dute mendizaleek. Txalintxon eguerdian meza izango da, gero salda hartzeko aukera egongo da eta haur jolasak ere izango dira, trikitilariek alaituta.

Asteartetik aurrera, berriz, hiru proiekzio izango dira mendizaleen egoitzan, 21:00etan. Asteartean Gorka Karapeto azpeitiar eskatzailearen txanda da. Honi lekukoa Josu Bereziartua herriko goimendizaleak hartuko dio asteazkenean. Ostegunean, berriz, herritik kanpokoak izango dira Zeelanda Berrian familian bizikleta gainean egindako bidaia baten berri ematen: Rosa Lizaso eta Mikel Bringas, hain zuzen.

Maiatzaren 26rako, zapatua, mendi ibilaldietan parte hartu duten gaztetxoentzako eskalada praktikak izango dira, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Arratsaldean, berriz, 16:30ean hasita argazki emanaldia izango da Lagun Onak M.B.-ren aretoan. Mendi Astea bukatzeko, maiatzaren 27an, Xoxoteko eguna ospatuko dute mendizaleek.