Lagun Onak TE-koek hiru lasterketa izan dituzte aste bukaeran

Uztarria.eus 2012ko mai. 17a, 11:13

Joan den aste bukaeran, maiatzaren 12an eta 13an, hiru lasterketa izan zituzten Lagun Onak Txirrindulari Elkartekoek. Kadeteek zapatu goizean izan zuten lasterketa Zumaian. Zapatu arratsaldean jubenilen txanda izan zen eta Arantzazura igoeran hartu zuten parte, eta igandeak Euskadiko Txapelketan izan ziren jubenil mailako txirrindulariak.

 

Joan den aste bukaeran, maiatzaren 12an eta 13an, hiru lasterketa izan zituzten Lagun Onak Txirrindulari Elkartekoek.

Kadeteek zapatu goizean izan zuten lasterketa Zumaian. Lagun Onakekoek esan dutenez, "erasokor irten ziren gazteak lasterketan eta ihesaldian zein kontraerasoan egon ziren". Dena dela, ezin izan zuten saririk lortu Lagun Onakekoek, eta Aratz Olaizola Galdiano taldeko txirrindularia nagusitu zen, 38,7km/orduko bataz bestekoarekin. Lagun Onak taldeko lehena Oier Ibarguren izan zen, eta taldekako sailkapenean zazpigarrenak izan ziren azpeitiarrak.

Zapatu arratsaldean jubenilen txanda izan zen eta Arantzazura igoeran hartu zuten parte. Espainiako taldeetako kideak ere izan ziren lehian, eta Carlos Cobos Diputaciòn de Leòn taldeko txirrindularia gailendu zen. Atracciones Sainz taldeko lehena Josu Garate izan zen (33. postuan) eta taldekako sailkapenari dagokionean, zortzigarrena izan zen Lagun Onak.

Igandean, berriz, Euskadiko Txapelketan izan ziren jubenilak, Mutrikun. Lasterketan Osintxura joan-etorria egin eta Kalbario mendatea bi aldiz igo behar izan zuten. Pello Olaberria (Caja Rural) izan zen azkarrena, Alain Ramirezen (Beste Alde) eta Imanol Iraolaren (Andoaingo) aurretik. Lagun Onak Txirrindulari elkarteko aurrena Josu Garate izan zen, eta 41. postuan bukatu zuen lasterketa.