Maiatzaren 21ean irekiko dute Juan Antxieta Musika Eskolan datorren ikasturterako matrikulazioa

Dagoeneko ikasle direnentzako izen-emate sisteman aldaketak egin dituzte eta, horiek azaltzeko, aste honetan zehar bilerak egingo dituzte gurasoekin. Musika eskolan egiten duten lana eta eskaintzaren berri emateko ekimenak ere izango dituzte aste honetan eta datorrenean; besteak beste, Musika Bandak kontzertu didaktikoa emango du ostiralean, maiatzak 18, Sanagustinen.

2011-2012 ikasturtea amaitzear dela, Juan Antxieta Musika Eskolan dagoeneko hasi dira datorrenari begira lanean. 2012-2013 ikasturterako matrikulazio epea maiatzaren 21ean irekiko dute eta hilaren 31 arte izango da izena emateko aukera. Horretarako asmoa dutenek musika eskolaren egoitzara joan behar dute. Astelehenetik ostiralera, goizez 10:30etik 12:30era eta arratsaldez (ostiraletan izan ezik) 17:30etik 19:30era irekita izango da bulegoa. Argibideren bat behar duenak ordutegi berean 943 816263 telefonora ere dei dezake.

Matrikulak egiteko berrikuntzarik badute aurten. Dagoeneko ikasle direnentzako izen-emate sisteman aldaketak egin dituzte eta, horiek azaltzeko, aste honetan zehar bilerak egingo dituzte gurasoekin. Bereziki matrikulaldiaren hasierako egunean urtero-urtero sortzen ziren ilara luzeak saihestea da sistema aldaketaren arrazoia.

Balizko ikasleei eta gurasoei begira

Matrikulazioa ireki aurretik eta ondoren ere, musika eskolan egiten duten lana eta eskaintzaren berri emateko ekimenak izango dituzte aste honetan eta datorrenean. Alde batetik, herriko ikastetxeetako taldeak bisitan izango dituzte musika eskolan maiatzaren 22a arte; ikasleei eskolan duten eskaintza erakustea da helburua, kantua, erritmoa eta dantza nola lantzen duten eta, era berean, instrumentuak probatzeko aukera ematea.

Ostiralean, berriz, Azpeitiko Musika Bandak kontzertu didaktikoa emango du Sanagustinen, 19:00etan hasita. Emanaldi irekia izango da, baina bereziki umeei eta haien gurasoei zuzendutakoa. Musika eskolan jotzen ikas ditzaketen hainbat instrumentu gertutik eta "martxan" ikusi ahal izatea da asmoa. Gainera, musika eskolako arduradunek azaldu dutenez, "Bandak baditu hainbat instrumentu uzteko moduan; ikasleren batek horietako bat aukeratuz gero, baina bere aldetik lortzerik izango ez balu, Bandak uzteko pronto dago".

Musika eskolaren eskaintza herritarrei gerturatzeko ahalegin horren barruan beste hitzordu bat izango dute maiatzaren 23an, asteazkena. Egun horretan, Betharrameko aretoan eta 18:00etatik aurrera, musika eskolan aurreneko ikasturtea osatu duten hainbat ikaslek entzunaldia eskainiko dute, "ikasleek ikasturte batean zer eboluzio izan dezaketen" erakusteko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide