Gipuzkoako Auzitegiak berretsi egin du Amaia Azkue hiltzea leporatutako gaztearen aurkako zigorra

Uztarria.eus 2012ko mai. 15a, 16:43

Ander E. azpeitiarrak adingabeen egoitza batean hamar urte egin beharko ditu, eta beste bost urtez zaintzapeko askatasuna izango du, urruntze aginduarekin

Gipuzkoako Auzitegiak berretsi egin du Amaia Azkue hiltzea leporatutako Ander E. gaztearen aurkako zigorra —hilketa izan zenean gazteak 17 urte zituenez, adingabea bailitzan zigortu dute—. Ondorioz, gazteak adingabeen egoitza batean hamar urte egin beharko ditu, eta beste bost urtez zaintzapeko askatasuna izango du, urruntze aginduarekin. Adingabe bati ezar dakioken zigorrik handiena da.

Martxoaren 12tik 23ra egin zen Donostiako Adingabekoen Epaitegian Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketa. Epaileak apirilaren 2an eman zuen epaia eta, egun berean, defentsa abokatuak helegitea jarriko zuela iragarri zuen. Helegitearen saioa maiatzaren 7an egin zuten Gipuzkoako Auzitegian eta gaur, maiatzaren 15ean, Adingabekoen Epaitegiak ezarritako zigorra berretsi du helegitea aztertu duen epaileak.