Betiko Kafea eta Iparproject Gipuzkoako txapeldun

Betiko Kafea A eta Betiko Kafea B taldeetako neskak partidaren ostean. (Iraurgi Saskibaloia)

Aldiz, nesken Betiko Kafea B eta mutilen Betiko Kafea taldeek Gipuzkoako azpitxapeldun izatea lortu dute.

Astebukaera borobila izan da ISBko harrobiko taldeentzat. Izan ere, bi talde Gipuzkoako txapeldun izan dira, eta beste bi azpitxapeldun.

Igande goizean, hilak 13, alebin mailako neskek, Betiko Kafea A eta Betiko Kafea B taldeek, derbia jokatu zuten, eta Iraurgikoek esan dutenez, "denboraldi guztian erakutsitako nagusitasunaren erakusgarri, Gipuzkoako errendimendu mailako finala jokatzeko sailkatu ziren bi taldeok". 41 eta 30 nagusitu zen Betiko Kafea A, eta Gipuzkoako Txapeldun izatea lortu zuen. Aldiz, Betiko Kafea B taldea Gipuzkoako azpitxapeldun izan zen.

Igandean alebin mutilen mailako Betiko Kafea taldeak estu jarri zion garaipena Easo faboritoari. Azkenean, 55 eta 51 bukatu zen partida, eta azpeitiarrak Gipuzkoako azpitxapeldun izan dira.

Iparproject ISB Udaberri Txapelketa jokatzen hasia zen, baina kadeteen Partaidetzako denboraldia bukatzeko zuen oraindik ere. Hori dela-eta, Añorgaren kontra jokatu zuen ligako finala asteburuan, eta 50 eta 59 irabazi zuen Azpeitiko taldeak. Iraurgikoek esan dutenez, "oso neurketa parekatua espero zen, eta denboraldi erregularra oso berdinduta bukatu dute sailkapenean". Garaipen horri esker Gipuzkoako txapeldun izatea lortu dute Iparprojecteko mutilek ere.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide