Lauroba taldeak disko berria kaleratu du

Uztarria.eus 2012ko mai. 11a, 13:35

Ane Bastida Lauroba musika taldeko baxu jotzailea da, eta diskoaren emaitzarekin "oso gustura" gelditu dela esan du: "Hasieran genituen kantak asko aldatu dira estudiotik bueltan, eta oso gustura gaude emaitzarekin".

Lauroba taldeak disko berria kaleratu du; Iglu bat basamortuan (Oihuka). Ane Bastida (Azpeitia, 1987) Lauroba musika taldeko baxu jotzailea da, eta diskoaren emaitzarekin "oso gustura" gelditu dela esan du: "Hasieran genituen kantak asko aldatu dira estudiotik bueltan, eta oso gustura gaude emaitzarekin".

2011ko maiatz aldean hasi ziren diskoa grabatzen eta urtebetera kaleratu dute. Grabazioa Pottoko estudioan egin dute, Fredy Pelaez teknikariarekin. Hamahiru abestik osatzen dute diskoa, eta Bastidak esan duenez, "zortzi bat estilotako kantak daude bertan". "Power-pop doinuetatik hasi eta baladetaraino aurkitu daitezke. Denetik dago diskoan", esan du. Gainera, hainbat kolaborazio izan dituzte. Besteak beste, Zea Mays taldeko abeslari Aiora Renteriak Ez zaudenetik abestia grabatu du. Gainera, beste hainbat musikariren kolaborazioak ere izan dituzte diskoa grabatzerakoan.

Pare bat urte daramatza Bastidak Lauroba taldean, eta "oso gustura", baina "oraindik ohitu gabe dagoela" esan du: "Kontzertu bukaeran-eta jendea argazkiak ateratzera edo sinadurak eskatzera etortzen da, eta oraindik ez nago horretara ohituta. Dena dela, ari naiz pixkanaka horretara ere egiten".

Iglu bat basamortuan diskoaren aurkezpena hilaren 26an egingo dute Donostiako Dokan, eta Bastidak jakinarazi duenez, "beste hainbat kontzertu ere lotuta ditugu dagoeneko".