Izarraizko mendi lasterketarako 150 lagunek eman dute izena aurrez

Uztarria.eus 2012ko mai. 11a, 13:03

Mendiko probetan marka onak egin dituzten kirolariak datozela aurreratu dute antolatzaileek. Bestalde, 25 azpeitiarrek hartuko dute parte proban.

Igandean jokatuko da Azpeitian VIII. Izarraizko Mendi Lasterketa, Lagun Onak Mendi Bazkunak
antolatuta. 150 lagunek eman dute izena aurrez, baina egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da Azpeitiko plazan. 10:00etan hasiko da lasterketa, herriko plaza nagusitik.

Aurrez izena emandakoen artean,mendiko probetan aski ezagunak diren kirolariak daudeLagun Onak-ekoen esanetan: "Probarako izena emandakoen artean dago Luis Alberto Hernando
2011ko munduko kopako txapelduna, eta hilaren 8an Errusian Skyrace Elbrus igoera bertikalean bigarren egin eta hurrengo egunean World Serieak irabazi zituena". Horrez gain, Walter Becerra mendiko lasterketetako Euskal Herriko txapelduna eta Endika Garcia Kirolprobak-eko ligan aurrena doana etorriko dira. Emakumeetan Nerea Amilibia aiarrak ere izena du emanda. Horiez gainera, 25 azpeitiarrek irtengo dute.

Helmugara iristen diren lehen lau gizonezkorentzako eta lau emakumerentzako diru saria
dago. Baina, probako errekorra hausten duenak 150 euroko sari berezia jasoko du: gizonezkoetan Fernando Etxegaraik du 01:54:44ko marka eta emakumezkoetan Nerea Amilibiak 02:26:23.

Igandean goizeko 10:00etan plazatik irten eta 21 kilometroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek. Aurrena alde zaharrean metro batzuk egin eta segidan Iturritxikitik Komuntzo baserrirako eskailerak igo beharko dituzte, eta handik Xoxoteko aterpera igoko dira. Gero, Kakute barrenetik Pagobakarretik bueltan Kakute gaina egingo dute. Segidan, Erlo gainetik Haitzabakarretik Oranda gainera eta handik Toki Eder baserritik Madalera jaitsiko dira. Bukaera, Erdikaletik plazako helmugara arteko bidea izango dute. Iganderako eguraldi ona espero dela eta jendea lasterketa ikustera animatu dute probakoantolatzaileek.