Bidezko merkataritza eta bigarren eskuko azoka maiatzaren 18an izango da

Uztarria.eus 2012ko mai. 9a, 19:48
Iaz egin zen azokan ateratako irudia.

Bertan saltokia jarri edo saltzeko bigarren eskuko materialak eman nahi dituztenek, informazioa jaso edota erreserbak egiteko epea irekita dago. Azoka 17:00etatik 20:00etara egingo da, herriko plazan, eta karpak eta mahaiak Udalak jarriko ditu.

Aurtengo bidezko merkataritza eta bigarren eskuko azoka maiatzaren 18an izango da. 2012koa berrerabileraren kultura zabaltzea helburu duen azoka horren zazpigarren edizioa izango da. Udalak antolatzen du azoka, Agenda 21 ekimenaren barruan, eta aurreko edizioetan bezala, "herritar guztiak" gonbidatu ditu parte hartzera.

Parte hartzeko modu bat baino gehiago izango dute, gainera, herritarrek: nahi dutenek salmenta-postua jar dezakete; postua jartzerik ez baina bigarren eskuko zerbait saldu nahi dutenek ere egin dezakete -antolatzaileekin harremanetan jarrita-; eta, nola ez, azoka bisitatu edota zerbait erosi nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera.

Hain zuzen ere, saltokia jarri edo saltzeko bigarren eskuko materialak eman nahi dituztenek, informazioa jaso edota erreserbak egiteko epea irekita dago. Horretarako, 943 670249 telefonora deitu behar dute. Azoka 17:00etatik 20:00etara egingo da, herriko plazan, eta saltokiak jartzeko karpak eta mahaiak Udalak jarriko ditu.

Arropa ez beste edozer

Salmenta-postua erreserbatu nahi ez dutenek (gauza gutxi dituztelako, ezin dutelako bertanmegon...) azoka hasi aurretik (16:00etatik 17:00etara) haien gauzak eraman ditzakete plazaram, gordailu-zerbitzuan uzteko; norberak jartzen ditu prezioak eta antolakuntza taldekoek zainduko dituzte. Azoka amaitzean (20:00etan) dirua edo saldu ez dena jasotzera itzuli behar dute.

Arropa ez beste edozer gauza onartuko da: liburuak, jostailuak, apaingarriak, altzari txikiak, bizikletak, kirol-materiala... Erabiliak izan behar dute eta egoera onean egon.

Bigarren eskuko produktuekin batera, bidezko merkataritzako saltokia ere aurkituko dute maiatzaren 18an herriko plazara inguratzen direnek. Elikagaiak, eskulanak, apaingarriak eta beste hainbat produktu jarriko dituzte saltzen han.