Asteburuan jazotako gertaeraren harira, Eztabaida Foroa antolatu du Bilgune Feministak

Uztarria.eus 2012ko mai. 9a, 13:29

Herriko emakume guztiak deitu dituzte zapatu goizean, hilak 12, Emakumeen Txokoan egingo den Eztabaida Forora. Bilgune Feministak esan duenez, "zuen ekarpena garrantzitsua da eta bertan parte hartzera animatzen zaituztegu".

Joan den zapatuan jazotako erasoaren harira, idatzi bat kaleratu du Azpeitiko Bilgune Feministak. Bilgunekoek esaten duenez, "ezin dugu onartu egoera hauek naturalizatzea, eta horren aurrean gure haserrea, gaitzespena eta aldi berean kezka kaleratu eta konpartitu nahi dugu". Urtea hasi denetik "emakumeon kontra egindako eraso desberdinen berri jaso dugu", esan dute: "Bere bikotekideari tratu txarrak emateagatik atxilotutako gizonezkoaren gertaera, aurreko urtean erailda agertu zen Amaia Azkueren inguruko epaiketa, Nuarbeko emakumearen kontrako erasoa eta asteburu honetan sexu harremanak izatera behartu nahi zuten emakumearen kontra bi gizonek egindako erasoa". Azaroaren 25ean ateratako datuetan "argi geratu zen Azpeitian ere emakumeon kontrako erasoak gertatzen direla eta aste joan eta astea etorri ohiko bilakatu direla dirudi", gaineratu dute Bilgunekoek.

Gertaera horien guztien aurrean, Azpeitiko Bilgune Feministak emakumeak eztabaida foro batera deitu nahi ditu. Eztabaida horretan, herriko emakumeen ekarpenak jaso, kezkak konpartitu eta kalera begira honelako gehiago ez gertatzeko egin beharrekoen inguruan hitz egingo dute. Horretarako, herriko emakume guztiak deitu dituzte zapatu goizean, hilak 12, Emakumeen Txokoan egingo den Eztabaida Forora. Bilgune Feministak esan duenez, "zuen ekarpena garrantzitsua da eta bertan parte hartzera animatzen zaituztegu".