Ikasberri KE-ko nesken areto futbol taldeak Gipuzkoako finalaurrekoak jokatuko ditu

Uztarria.eus 2012ko mai. 8a, 20:17
Ikasberriko areto futboleko neskak eta haien entrenatzaileak. (IKASBERRI KE)

Orain arte jokatutako hamasei partiden ondoren, ligako sailkapenaren buruan gelditu dira Azpeitiko neskak. Zaldibiko taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak finalaurrekoan zapatuan, hilaren 12an, Urola Ikastolako estalitako kantxan.

Ikasberri Kirol Elkarteko areto futboleko nesken taldea Gipuzkoako Txapelketaren lehian murgilduta dabil. Infantil eta kadete mailako taldeak batu dituen ligaren fase erregularra sailkapenaren buruan bukatu dute azpeitiarrek: hamasei jardunaldi jokatuta, hamahiru partida irabazi dituzte, bi berdindu eta bakarra galdu. Gogor aritu dira orain artekoan Ikasberrikoak. Gainera, denboraldia zortzi jokalarirekin abiatu bazuten ere, bost dira taldean jarraitzen duten jokalariak; bost jokalari horiekin eta aldaketak egiteko aukerarik gabe, beraz, jokatu dituzte azken hamar partidak.

Orain, Gipuzkoako Txapelketa izango dute jokoan. Izan ere, aste bukaera honetan lehiaketaren finalaurrekoak jokatuko dira. Ikasberri KE-ko taldeak Zaldibiko taldearen kontra jokatuko du berea. Zapatuan, hilaren 12an, izango da, 11:00etan hasita eta Urola Ikastolako estalitako kantxan.

Finalaurrekoa gaindituz gero, finala maiatzaren 19an jokatuko lukete.