Asteburuan emakume batek jasandako "eraso sexista larria" salatu du Udalak

Uztarria.eus 2012ko mai. 7a, 18:01

Gaur, astelehena, plazaratu duen salaketa oharrean, emakumeenganako indarkeriarekin amaitzeko protokoloa onartu eta martxan jarriko duela ere aurreratu du.

Joan den asteburuan, zapatutik iganderako gauean, emakume bat sexu harremanak izatera behartu zuten Azpeitian eta Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen, ustezko erasotzaile gisa.

Eraso horren aurrean, Udalak salaketa oharra plazaratu du. "Azpeitiko Udalak gogor salatu nahi du asteburu honetan emakume batek jasandako eraso sexista larria, eta horrelakorik gehiago gertatu ez dadin beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa berresten du", dio idatziak.

Plazaratu duen salaketa oharrean, "datozen asteetan" emakumeenganako indarkeriarekin amaitzeko protokoloa onartu eta martxan jarriko duela ere aurreratu du Udalak.

Joan den urtarrilean beste gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekidea erasotzeagatik.