Azpeitiko Udalak hondakinen kudeaketaren inguruko batzarrak egingo ditu herritarrekin

Uztarria.eus 2012ko mai. 7a, 12:46
Leire Etxaniz zinegotzia, Eneko Etxeberria alkatea eta Manuel Unanue zinegotzia hondakinen kudeaketaren inguruan emandako prentsaurrekoan.

Hondakinen kudeaketaren eztabaidaren harira, Bilduk prentsaurrekoa eman du. Bildukoek diotenez, "urteak daramatzagu Azpeitian nahiz inguruetako herritarraen hondakinak zabortegian pilatzen. Gaineratu dute, "papera, ontziak, beira eta organikoa nahasita botatzen aritu gara eta ari gara gaur egun ere". Gauzak "gaizki egiten ari garela eta "ondorioak larriak" izangi direla jakinarazi dute oharrean.

Bihar, asteartea, egingo dute ohiko udalbatzarra udaletxeko areto nagusian, 19:30ean hasita, eta besteak beste, hondakinen inguruko eztabaidaz arituko dira. Lehenengo, EAJk aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dute eta, Bilduk aurkeztutakoaz arituko dira gero.

Hondakinen kudeaketaren eztabaidaren harira, Bilduk prentsaurrekoa eman du. Bildukoek diotenez, "urteak daramatzagu Azpeitian nahiz inguruetako herritarraen hondakinak zabortegian pilatzen. Gaineratu dute, "papera, ontziak, beira eta organikoa nahasita botatzen aritu gara eta ari gara gaur egun ere". Gauzak "gaizki egiten ari garela eta "ondorioak larriak" izangi direla jakinarazi dute oharrean.

Hona, Bilduk kaleratu duen oharra osorik:

1. Gauzak gaizki egiten ari gara eta gainera legeek eta Europako zuzentarauk agindutakoa zuzenean ez gera betetzen ari.

2. Ekonomikoki dirua galtzen ari gara, balio handia duten lehengaiak hondakin kutsatzaile bilakatu ditugu eta hori onartezina da.

3. Gaurko zabortegien sistemak arazo larriak sortzen ditu baina erraskailua ez da irtenbidea, sortzen dituen arazo larriez gain, hondakinak erretzea ez da soluzioa eta are gutxiago kostu ekonomiko horrekin. Guk Gipuzkoan ez dugu erraskailurik nahi.

4. Hondakinen kudeaketan eredua aldatu beharra dugu eta gehienbat prebentzioan zentratu behar dugu. Ez dira onargarriak sortzen ditugun hondakin kopuruak, merkaturatzen ditugun produktuak, plastikoak … kontsumo eredu jasangarri bat lortu behar dugu, hondakinen kopurua murriztu behar ditugu.

 5. Ditugun hondakinak ahalik gehien berrerabili eta berziklatu behar ditugu. Bilketa sistema oso garrantzitsua da atal honetan. Gaur egun dugun edukinontzien sistema, urrats handia izan da, baina hobetu egin behar dugu. Gipuzkoako zenbait herritan atez ateko bilketa sistemaren bitartez, hondakinak gaika bildu eta berziklapen tasa ikusgarriak lortu dituzte.

6. Hondakinen kudeaketan ere Azpeitiko herria eredugarri izan dadin lortu nahi dugu eta gauzak ondo egin. Badakigu gaia politizatuegia dagoela, horregatik patxadaz landu behar dugu. Gure herriko berezitasun eta erritmoetara moldatuz, ahalik eta gehien berziklatzea ahalbidetuko duen bilketa sistema diseinatu eta ezarri nahi dugu Azpeitian.

Bestalde, hondakinen kudeaketaren eztabaidan ere "eragile nahiz herritarren arteko elkarlana ezinbestekoa" dela esan dute. Hori dela-eta, herritarrei zuzendutako batzarrak antolatu dituzte datozen egunetarako. Bildukoek jakinarazi dutenez, "batzar horietan hondakinen arazoaren kokapena egin, udal gobernuaren asmoen berri eman eta herritarren ekarpenak jaso nahi dira".

Hemen batzarren egutegia:

Maiatzak 16, asteazkena, Urrestilla, Aratz-Erreka, Nuarbe eta Matximentako herritarrei zuzenduta batzarra, 20:30ean hasita Urrestillan.

Maiatzak 17, osteguna, Soreasu, Alde Zaharra, Madalena, Juan XXIII, Arana, Santutxo, Damaso Azkue, Julian Elorza eta Odria auzo eta kaleetako herritarrentzako bilera. 20:30ean hasiko da Betharrametako aretoan.

Maiatzak 22, asteartea, Pablo VI, Garmendi, Hartzubia, Jose Artetxe eta Landetako bizilagunentzat batzarra. 20:30ean hasiko da Betharrametako aretoan.

Maiatzak 23, asteazkena, Euskal Herria, Sanjuandegi, Loiola, Loiolabide eta Izarraitz auzoko herritarren txanda izango da. Betharrametan izango da batzarra, 20:30ean hasita.

Maiatzak 24, osteguna, nahi duten herritarrek batzarra gazteleraz egiteko aukera izango dute. Hau ere 20:30ean izango da Betharrametako aretoan.