Herriarteko Txapelketako estreineko partidan Azpeitiak Azkoitiaren kontra neurtuko ditu indarrak

Uztarria.eus 2012ko mai. 4a, 13:15

Hamazortzi herritako taldeek hartuko dute parte aurtengoan. Zozketa ere atzo egin zuten, eta final zortzirenetako kanporaketan arituko dira Azpeitia eta Azkoitia elkarren kontra. Orduan hasiko dira bi herriotako taldeak txapelketan parte hartzen.

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten Gipuzkoako Herriarteko Kutxa Saria, eta hamazortzi herritako taldeek hartuko dute parte aurtengoan. Zozketa ere atzo egin zuten, eta final zortzirenetako kanporaketan Azpeitiak eta Azkoitiak neurtuko dituzte indarrak. Orduan hasiko dira bi herriotako taldeak txapelketan parte hartzen. Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-ek azaldu zuenez, "Azkoitiarren kontra jokatzeko aukera tokatu eta aurre egiteko talderik ez daukagu. Justuko taldea daukagu. Gehienak debuta egingo dute txapelketan. Saskibaloia eta futbola kalte handia egiten ari dira Azpeitian".

Datorren ostiralean, hilak 11, hasiko dira final hamaseirenetako kanporaketak, eta finala uztailaren 8an, igandea, izango da Donostiako Atano III. pilotalekuan. Aurtengo txapelketan Zestoako eta Urretxuko taldeak izango dira berrikuntza nagusiak, eta Amasa-Billabonak, Astigarragak, Usurbilek, Soraluzek, Ataunek eta Albizturrek ez dute parte hartuko lehian.