Lagun Onakek puntu bat behar du matematikoki Hirugarren Mailan jarraitzeko

Uztarria.eus 2012ko mai. 2a, 18:12
Erregional Preferente mailako Lagun Onakek liga irabazteko aukera handiak ditu.

Joan den aste bukaeran garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanin (0-1). Bi partida geratzen zaizkie azpeitiarrei liga bukatzeko: etxean Zallaren kontra jokatuko dute zapatuan (18:00) eta, maiatzaren 12an, Durangoren zelaian. Erregional Preferenteko Lagun Onak, berriz, liga irabazteko zorian da.

Futbol denboraldia azken txanpan sartua da eta Lagun Onakeko bi talde nagusiek puntu erabakiorrak izango dituzte jokoan datozen bi asteetan. Talde nagusiak Espainiako Hirugarren Mailari eusteko behar ditu puntuak eta Erregional Preferentekoak, berriz, txapelketa irabazteko.

Joan den aste bukaeran garaipen garrantzitsua lortu zuen Hirugarren Mailako Lagun Onakek Hernanin (0-1). Neurketa hasi eta berehala, bigarren minutuan, Kenan Kodrok sartu zuen Iñaki Eskisabelen taldeari garaipena emango zion gola. Bigarren zatian aukera ugari izan zuten markagailuan aldea handitzeko, baina atearen aurrean ez ziren hain ondo ibili Lagun Onakekoak.

Liga bukatzeko bi jardunaldi falta direnean, mailari matematikoki eusteko puntu bat behar dute Eskisabelen mutilek. Lagun Onak 13. postuan dago, 42 punturekin. Zuzenean mailaz jaitsiko diren azken hiru postuekiko tartea hamaika puntukoa da. Bigarren B mailatik Hirugarrenera jaitsiko edo jaitsi daitezkeen euskal taldeak kontuan hartuta, ordea, baliteke denboraldi honetan hiru ez ezik, bost edo sei izatea Hirugarren maila galduko duten taldeak, eta borroka horretan bete-betean sartuta dabil Azpeitiko taldea. Bi partida dituzte, beraz, falta duten puntu hori eskuratzeko, baina ez dira neurketa samurrak izango: etxean, igoerako play-off-a jokoan duen Zallaren kontra jokatuko dute zapatuan (18:00); eta, maiatzaren 12an, Durangoren zelaian.

Garaipen bat txapeldun izateko

Erregional Preferente mailan, Lagun Onaken bigarren taldeak balio handiko puntua lortu zuen azken jardunaldian Aretxabaletaren kontra. Bina bukatu zen partida eta berdinketaren gola azken  momentuan egin zuen Lagun Onakentzat Unai Etxeberriak. Puntu horrekin, Lagun Onakek sailkapeneko aurreneko tokiari eutsi dio, bigarren tokian dagoen Zumaiakorekiko lau puntuko aldearekin.

Talde nagusiari bezala, Erregional Preferentekoari ere bi partida geratzen zaizkio liga bukatzeko, Orion aste honetan eta azkena Azpeitian, Debako Amaikak Bat taldearen aurka. Bi partida horietako bat irabaziz gero, txapeldun izango da Lagun Onak.