Motibazioa

Pello Elorza (Azpeitiko EAJren izenean) 2012ko mar. 9a, 14:14

Azken egun hauetan hainbat komunikabidetan irakurri ahal izan dugun informazioaren harira, uler dezakegu Azpeitiko Udaletxeko gobernu batzarrak, atez atekoa bezala ezagutzen dugun zabor bilketa sistema ezartzea erabakiko duela, dagoenekoz egin ez badu behintzat.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, mankomunitateekin egindako eztabaida eta analisi luze baten ondorioz, Gipuzkoak sortutako hiri-hondakinen kudeaketa integrala xede hartzen duen Foru Araua onartu zuten, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala (PIGRUG). Hondakinen kudeaketari buruzko, Hondakinen gaineko 2008/98 CEE Zuzentarau europar hierarkizatuak, dioenaren arabera, ingurugiroa, osasuna eta pertsonen ongizatea, erabat errespetatuz.

Hau honela, Foru Arauak, 2016.urtean, sortzen ditugun hiri hondakinen gutxieneko %60a, birziklatu, berrerabili eta konpostatu, eta zikloa hiri hondakinak balioztatuz itxi behar dugula jasotzen du, hau da, berrerabili edo konpostatu ezin diren hondakin horiek (fracción resto) edo errefus hori, erraustuz. Asmo handiko helburua, Europako herri aurreratuenen eta ingurumen eta osasun publikoarekin, konprometituenen mailakoa.

Azken urte hauetan, 2000. eta 2010. urteen artean, Gipuzkoan hiri hondakinen gaikako bilketa %17,4 izatetik %43,31 izatera pasa da. Datu hauek argi eta garbi adierazten dute XXI. mendean birziklatzearen aldeko apustua garbia dela baina jendea kontzientziatuz eta heziz egin behar dela,  ez inposizio bidez eta orain artean egin dugun bideari jarraitzea dela Europan zabor kudeaketaren eredu aurreratuenek erabiltzen duten bideari jarraitzea.

Urte hauetan, (gai honi dagokionez esaten dutenaren kontra, orain artean inoiz ez da halako apusturik egin), ezartzen joan diren neurri ezberdinei esker izan da posible, edukiontzi ezberdinak erabiliz gaikako bilketa eginez, garbiguneak, konpost plantak, ontziak bereizteko plantak, transferentzia-estazioak eraikiz, prebentzio, kontzientziazio kanpainak eginez, eta abar...

Azken urte hauetan, konposta egiteko, ahalik eta kalitate hobereneko,  (egun sortzen dugun hiri hondakinen %25 eta etxeko zaborrontziko %40a suposatzen du) hondakin organikoak jasotzea helburu duen 5. edukiontzia, ezartzen ari da pixkanaka.

Foru Arauak jasotzen dituen neurri hauek gehi beste batzuk erabiltzeak, hondakinen kudeaketan eta demokrazian aurreratuen dauden herrien neurrian jartzen lagunduko digute.

Neurri guzti hauek eraginkortasunez, proportzionaltasunez eta arrazionaltasun ekonomikoz egindako ahalegin baten ondorio dira.

Honegatik, EAJ-PNVren zinegotzi taldea atez atekoa ezartzearen aurkakoa da, sistema neurrigabea delako herritarrei eskatzen zaien sakrifizioaren aurrean, zalantzarik gabe askoz garestiagoa delako eta ez delako inolaz erakutsi eraginkorragoa denik.  Ez dugu zabor poltsarik nahi gure kale eta eskaratzetan!

Atez ateko sistema honek gure herriaren garbitasunean eta itxuran eragin ezkorra du eta "zaborraren turismoa" deritzogun horri esker, inguruetako herrietara hondakin kopuru handiak eramatea eragingo du, bilketa sistema honek gizartean sortzen duen arbuioaren eraginez.

Atez atekoa atzerakada da. Hondakinak biltzeari dagokionez, etorkizunak langileen lan baldintzak hobetzearen alde egitea eskatzen du, modernizazioa, automatizazioa eta eraginkortasunaren alde egitea, berriro zabor poltsak eskuz jasotzearen alde egitearen aurrean.

Zabor bilketa sistemak eztabaida zabala azaleratu du giza eragile, alderdi politiko eta herritarren artean. Herritarrak, hondakinen bilketa eta trataeraren inguruan sortzen ari den eztabaidarekiko, gero eta sentikortuago daude.

Eztabaida batez ere bi zabor bilketa eredu ezberdinetan oinarritzen ari da, edukiontzi gehiago jartzea bata, eta atez atekoa bestea.

Bestetik, ez diogu gardentasunik eta demokraziarik ikusten horrelako erabakiak komunikabideetan argitaratzeari, udaletxeari dagozkion organo eskudun eta legezkoetan aldez aurretiko analisirik, eztabaidarik eta erabakirik, egon ez denean.

EAJk, ordea, uste du herritarrak direla jarraitu beharreko bidea aukeratu behar dutenak, eguneroko bizitzan zein etorkizunari begira zuzenean eragiten dien gaia izanik. Zabaldutako eztabaida honetan, ezinbestekoa da parte hartze prozesu bat abiaraztea. Ondorioz, EAJk ondorengo mozioa proposatzen du:

1.Azpeitiko Udaleko Udalbatzak dei egiten dio Tokiko Gobernuari, ekaina baino lehen,  herri kontsulta martxan jarri dezan, herritarrok hondakinen atez ateko bilketa sistemaren inguruan duten benetako iritzia jakite aldera.

2. Helburu horrekin, ezinbestekotzat jotzen dugu galdera argia eta nahasmenari tarterik uzten ez diona egitea. Ondorioz, herritarrei kontsulta bidez honako galdera egitea proposatzen dugu: Azpeitian atez ateko bilketa sistema ezartzearen aldekoa zara? BAI ala EZ”.

3. Azpeitiko Udalbatzarrak ondorengo konpromiso sendoa hartzen du: kontsulta horren emaitza bere egingo duela eta herritarren hitza errespetatu egingo duela.